Aurretik doan koplariak historia santuko pasarteak abesten ditu kopletan eta besteek ondotik erantzuten diote koru eginez. Horrela, herrian barrena etenik gabe erronda osoa egiten dute bertsozko elkarrizketan.
Bederatzi egunez ibiltzen dira horrela. Gabon gaua hurbildu ahala, koplen edukia aldatuz doa. Azken egunean Gabonetako bertso bihurtzen dira. Gauerdiko mezan kantari guztiek, gaur egun, saio berezia egiten dute ospakizun horren barruan.