“Ahozko literatura tradizioz ez datorrena” iraupenik ez duena da. Sortu bezain laster hiltzera kondenatua dagoen sorkaria da. Beste gisa bateko ahozko literatura da, beraz. Adibide egoki bat emateko har ditzagun kontuan bertsolarien jarduerak. Bertsolariak bertsoa sortzen duenean, erregela jakin batzuk buruan dituela sortzen du bertsoa. Ez du egiten, tradizioko literaturan egiten den bezala, norbaitek noizbait kantatu duen bertsoa errepikatu alegia. Bertso hori, gehienetan eta zoritxarrez, sortu bezain laster desegiten da, suntsitzen da. “Ahozko literatura ez tradiziozkoa” iraupenik gabekoa da, suntsikorra, galkorra.

Jar dezagun Jose Manuel Lujanbio Retegi “Txirrita” (1860-1936) bertsolariaren kasua. Txirrita bertsolaria hil zenetik ez da denbora asko iragan. 1936an hil zen. Baina egin dezagun galdera bat: zenbat dira Txirritak kantatu zituen bertsoak? Auspoa saileko lau  liburutan Antonio Zavalak ehunka berriemaileri galdetu eta  gero, hirurehunen bat bertso bildu zituen beren pasadizo eta guzti. Txirrita, beste edozein bertsolarik bezala, bertsoa sortzen duenean, “ahozko literatura tradizioz ez datorrenaren  subjektua” da, sortzailea da.

Guk Txirritaren bertsoak errepikatzen baditugu, nahiz eta Txirritarenak direla ez jakin, ez dugu sortzen, transmisioaren katean guganaino etorri dena errepikatu egiten dugu. Txirrita bezalako bat, duela hirurogeita bost urte hil beharrean orain dela laurehun urte hil balitz, edo orain ehun eta berrogeita hamar urte, esaterako, zenbat bertso izango genituzkeen? Ezer gutxi. Bertsolari ugariak, beren bizitza osoan milaka bertso kantatu dituztenak hainbat egongo dira. Guganaino transmisio bizian etorri diren bertsoak ez dira gehiegi izan. Hori bai, askotan herriaren oroipen bizian iraun badute, balio eta indar aparteko bertsoak izan direlako da. Baina, badira haizeak betiko eraman dituen hainbat bertso gogoangarri ere. Galdu den ona edo herri-ondarea askoz gehiago da, etorri dentxoa baino. Agustin Xaho 1855eko bere Biarritz entre les Pyrénés et l’Océan. Itinéraire pittoresque liburuan, XLVII. atalean, gure bertsolariez mintzo da. Zuberoako Beñat Mardoz honelaxe mintzo da: “Bernard edo Beñart Mardo, zuberotarra, Frantziako herrialdeetan izen eta omenik handiena utzi duen euskal bertsolaria da. Hogei liburutzarretan ez lirateke haren bertso guztiak sartuko, baldin berekin balu bertso-biltzaile bat aldiro ematen zituen bertso-saioetako  aleak biltzeko. Beñat, esaten zioten, kanta itzazu zenbait bertso. Eta kantatu egiten zuen, bat-batean bertsoa sortuz, errexiñulak adarrean kantatzen duen bezalaxe.” Agustin Xahok biltzaileari sténographe deitzen dio, eta bistan da ez zuela halakorik izan, guganaino iritsi diren bertsoak bildu zitezkeen hogei liburutzarretan sartu zitezkeenak baino askoz gutxiago baitira, hiruzpalau bertso baino ez, zoritxarrez.

Txirritaren kasua adibidetzat hartu dugunez gero, eman dezagun Hernaniko bertsolariaren berri gehiago. Txirritak bat-batean kantatu zituen bertso guztien artean hirurehunen bat iritsi dira guganaino. Bertsopaperen bidez etorri direnak, betiere Antonio Zavalaren lan txalogarriari esker, milaren bat bertso dira gure kontadurian. Pentsatzekoa da, begi-bista xamarrekoa delako, jarri zituen  bertsopaper guztietako bertsoak baino gehiago kantatuko zituela bat-batean. Paperean jasotakoak ordea, Xahok deitzen zuen sténographe delakoa, sekretario-lana egiten zion bere iloba Jose Ramon Erauskini eskerrak daukagu. Bertso kopuru hau guztia, mila eta hirurehun bertso gutxi gorabehera, euskaltzale askori asko iruditu arren, eta egiaz da asko beste bertsolari galdu askoren ikusian, ezer gutxi da Txirritak kantatu zituen guztien aldamenean.