Ahozko literatura tradizionala ahotik belarrira eta belarritik ahorako bidea duen eta “tradizioz” transmititzen den literatura iraupenezkoa   da.

Norbaitek, esaterako, noizbait kantu eder bat sortu badu, kantu hori mendeetan zehar kantatu da, aldaerak gorabehera, baina ez dakigu gehienetan zehatz noiz sortua den, ez nork sortua, ez non sortua. Kanta horrek gainera mendeetan zehar kantarien ahotik belarrirako bidean eta belarritik ahorakoan gizaldiz gizaldi iraun du.

Eman dezagun 1321eko Beotibarko bataila edo guduaz  gerozkoa  dela. Kanta horrek hamalaugarren mende hasierako gertaera bat islatzen du. Kanta hori, guk dakigula, lehenengoz XVI. mendean jaso zen. XIX. mendean ere, Klaudio Otaegik dioskunez, Gipuzkoan bizi-bizirik zegoen transmisioa. Kanta hori ez dakigu nork egina den, eta hemeretzigarren mendera arte behintzat iraun badu, bost mendetan bizi-bizi egon den seinale da.

Eman dezagun beste adibide bat. Bizkaia osoan zein Gipuzkoako ekialdean gaur egun ere bizi-bizirik dago aiton-amonen oroitzapenean  Lope de Vegak bere Ramilletes  de Madrid antzerki lanean dakarren kantatxo bat. Lope de Vegak, jakina, euskaldun bati entzungo zion 1615 baino lehenago kopla polit bat. Baliteke hiru kopla edo gehiagoko erreskada polit bat entzutea ere. Kopla horiek beroriek Juan Carlos Guerrak, Azkuek eta beste askok bildu dituzte XIX. eta XX. mendeetan. Lau mendeko tradizioa ez da oraindik eten.

Joan gaitezen Euskal Herriko beste muturrera, Zuberoara, eta aipa dezagun “Bereterretcheren khantorea” XV. mendeko kanta. Kanta honek, dakigunez, XV. mendeko gertaerak kontatzen ditu. Kanta hau, ordea, ez zen bildu XIX. mendera arte. Kanta honen iraupena, ahotik ahorakoa, bost mendetakoa behintzat izan da. Aipatu ditugun hiru kanta horiek Erdi Aro beranduan sortuak izanen ziren eta ia gaurtxe arte belaunez belaun transmitituak edo igorriak. Kanta horiek aho tradizioko literaturaren pitxi zoragarriak dira.

Herri literatura tradizionala iraupenezkoa da, iraunkorra, belaunez belaun transmititzen dena. Kanta noiz sortu zen ezta  nork sortu zuen ere ez dakigu, inolaz ere. Bereterretxeren  kantaren sortzailea nor da? Hasieran norbaitek sortuko zuen, artista handiren batek, jakina, baina ez dakigu nork. Dakiguna da denboran barrena guganaino etorri denez gero, eta kantaren transmisoreak hainbat izan direnez gero, egiletzat norbait hartzen badugu, herria bera dela sortzailea edo moldatzailea. Hala nahi izatera, herria bera da sortzailea azken batean. Non sortua da Bereterretxeren khantorea? Leku-ekintzatik hurbileko leku batean, seguru asko, baina lekuren bat esatekotan Zuberoa esango genuke. Noiz sortua? Hemen zehaztasun historikoak jakinez gero, gertaerak datatuz gero, gertaeren ondoan egina izango da.