Pieza hauetan eragin kultua nabari bada ere, XVIII. mendeko euskal teatroa teatro klasikoaren ezaugarrietatik baino hurbilago dago Zuberoako teatroarenetatik.

Herri teatro hizkuntza dute, orobat hizkera. Ahozko literatura esparruari dagozkion pertsonaia komikoak ageri dira. J. M. Lekuonak honela dio: “Elkarrizketaz baliaturik bilbaturiko zenbait piezak usadiozko fartsa txikiak osatzen dituzte eta hizkuntza bera ere herri esaldi eta esaera biribil eta landuz josia agertzen zaigu”.

Bestalde, antzerki hauek herri giroan sortuak dira, Eguberrietako misterioa antzezteko biltzen ziren kofradien eraginpean.

J. Kortazarrek dioenez, P. I. Barrutiaren eta X. M. Muniberen obrek oso tankera desberdina dute: lehenengoarena ahozkotasunaren eremukoa da bete-betean, X. Muniberenak, aldiz, bata zein bestea nahasten ditu, hots, herri eszenak integratzen baditu ere, frantses antzerki kultuaren eredura egina da.