Pastoraletan, zeinahi delarik ere gaia, ohiko pertsonaia hauexek aurki daitezke:

          • Bi talde, kristauek osatua bata, türkoek osatua bestea. Bi taldeen arteko antagonismoa da pastoralaren dinamika eragiten duena.
          • Sujeta edo protagonista, kristauen taldeko bat da.
          • Aingeruak eta batzuetan agertzen den apezpikuak mundu zerutarra ordezkatzen dute, eta abestu egiten dute.
          • Artzainak ardiz edo bestelako animaliaz lagundurik atera ohi dira eta protagonistaren ohorez abesten dute.

        • Satanak dantzari apartak dira, eszenen arteko libertimenduen arduradunak, eta türkoen alde aritzen dira eta horiek ehorzten dituzte. Bestalde, pastoraleko testuan etorkizuna iragartzen dute, errezitatuz, eta askotan aipamen nahiz komentario irrigarri, ausart, lizun eta zantarrak egiten dituzte, eta ez dute kantatzen, ez deklamatzen. Testua esan egiten dute.

      • Musikarien taldea handituz joan da pastoralen errepresentazioen historian. Aintzinako irudietan xirulariak besterik agertzen ez badira ere, gaur egun musika-tresna askotariko musikari talde jendetsuak osatzen du talde hau. Musikariak jokalekuaren gainean egoten dira; pastoraletan zuzenean jotako musika izaten da beti.
      • Errienta: aktore-zuzendaria da funtsean. Jokalekuan egoten da eta aktoreei nahiz musikariei hasiera emateko ardura du, eta horrez gainera,  apuntadore eta zuzendari da aldi berean. Testuaren kaierak bere esku ditu, eta prestaketa guztiak berak zuzentzen ditu. Errientak testugileari edo “ontzaileari” proposatzen dio gaia, nahiz eta askotan bera izaten den bi lanak egiten dituena. Errienta zereginak bete dituztenen artean, ezagunak dira: Jean Heguiaphal, Battitta Urruti eta Jean-Pierra Recalt.