Maskaradek, benetako ahozko literatura direnez, badute, noski, alderdi mintzatu bat, baina ez da duela gutxi  arte inprimatu. Kabana Handiak eskuz idatziriko paperak erabiltzen ditu, Pitxuk eta buhameek, aldiz, bertsorik egin gabe inprobisatzen dituzte beren zirto eta txisteak, Buhame Jaunak ere hitzaldi xelebreak egiten ditu. Esan bezala, kantuak ere badira:  maskaraden hasieran eta amaieran xorrotxek koplak abesten dituzte, betiko doinuarekin eta gutxi aldatzen diren  hitzekin. Elkarrizketa horietan, gainera, euskaraz gain, biarnes Kauterek (kaldereroek) eta Kherestuek (zikiratzaileek) Okzitaniako biarnera  dialektoan bizpahiru kopla ematen dituzte, eta zenbait pertsonaiak  frantsesa eta euskara txandakatzen dituzte aldika, hitz jokoak eginez.

Maskaradez interesatu diren adituek ere ez diote duela gutxi arte garrantzi gehiegirik eman. Alde batetik ikuskariaren distirak (dantzak, mugimenduak, mimoa) deskribatzeari aski iritzi zioten, eta bestetik, askok ez zuten zuberera ongi aditzen, eta aditzen zutenek ere ez zioten testu horri balio gehiegirik eman. Maskaradez interesatu diren adituen artean, J.B. Mazérisek jaso zituen lehen testuak (Maskaradak, Gure Herria XIII. zenbakian), eta J.M. Guilcherek, Etxahun Irurik eta Marzelin Heguiaphal Sohütakoak  emandako 1898ko zenbait testu argitaratu zituen (1984). D. Peaucellek ere maskaradetako zenbait bertso sorta argitaratu ditu (1976).

Eric Dicharryk dioenez (Baiona 1998), garrantzi berezia du maskaraden zati mintzatu eta kantatuak gainerako antzezpen elementuekin batean aztertzeak, gainerakoan zentzu osoa galtzen baitute. Horregatik iturri nagusitzat  maskaradez eginiko filmatze saioak aipatzen ditu, J.D. Lajouxek 1968an eginikoak, eta F. Fourquetek ere audio grabaketetan oinarrituz (1980) azterketa xeheak egin dituela gogorarazten du.

Maskaradetan dantza eta mimoekin batera bertsoak, txisteak, elkarrizketak eta kantuak integratzen dira, beraz. Gizartearen kontrako satira orokorra Pitxuren eta buhameen ezpainetan entzungo dugu, beren bizioak aitortzen dituztenean (alferkeria, lapurreta…). Kabana Handia izeneko pertsonaiak, aldiz, herri bakoitzean agintarien eta jendearen kontra satira usaineko koplak kantatuko ditu.

‘Euskera’ aldizkarian argitaratu ditu Fdez. De Larrinoak maskaradetako zenbait testu, bereziki Muskildiko 1987ko maskaradakoak  eta Eskiulako 1983koak,  baita  emakumeek 1992an eginiko maskaradakoak ere. Argitaratu ez ezik, berbaldi mota ezberdinak tipifikatu ditu, hots, haien izaera tradizionala den ala bereziki okasiorako sortua, bertso-moldea den ala prosazkoa, eta erregistroa ere azalduz:

a) Xorrotxek agur koplak abesten dizkiete herriari, etxeko jaun-andereei eta agintariei.
b) Kauteren bizkarreko grafitti irrigarriak.
c) Kherestuen jokoko berbaldiko elkarrizketak biarneraz.
d) Ezpata zorrozteko xorrotxen koplak.
e) Kauterak eta buhameak aurkezteko xorrotxek esaniko koplak
f) Buhame jaunaren peredikua
g) Kabana Handi kauteren nagusiaren peredikua.
h) Pitxuren testamentua, Kabana Handiak irakurtzen duena.

E. Dicharryk dioenez, testuak belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira eta aldiari egokitzen zaizkio hein batean, bat-bateko inprobisazioak eginez. Gainerakoan  maskaradetako ahozko genero desberdin bakoitzak bere arau finkoak izaten ditu. Transmititzen dena, testua bera baino gehiago, hura esateko modua eta gai nagusia izaten da. Esaterako, koplak xorrotxei dagokie abestea, eta beti molde metriko bera erabiltzen dute, hots, lau puntuko eta neurri bereko bertso-lerroez osaturiko ahapaldia, beti aire bertsuaz abesten dena. Testu libreagoa dute buhameek eta kauterek eta, bereziki, Kabana Handiaren peredikuak izaten du askatasun gehiena. Gainerakoan, xorrotxen, ijitoen nahiz kauteren zenbait kopla tradizioz datorren ahozko testuen moldaketa izaten dira, baita kerestuen elkarrizketak ere .

Esate baterako, xorrotxen “koblak” hegoaldean “zortziko txikia” esaten diogun ahapaldi motan egiten da. Une jakin batzuetan kantatzen dira: barrikadetan, aitzindarien dantzen amaieran eta ijito, ferratzaile edo marexal eta kauteren dantzen amaieran. Hona hemen bi testu:

“Xorrotxen agurra (Hegiaphal, 1898):
Agur, jente hunak, ziek aren heben (13)
Guk aldiz eztakigü solamente nun giren (13)
Üskal herrin girela deikie eraiten (13)
Nahi günüke jakin Maule nun den (13).”

Xorrotxek neskatxa bati eginiko eskaintza (Urdiñarbeko maskaradak, 1982):

“Neskatila eijerra bai zure begitik (13)
Udüritzen zitazü zirela dendadi (13)
Balinbadüzü aixtür zorroztü, (13)
Zuri eginen deitzügü gustian dohainik. (13)”

Hona hemen honen aldaera bat (Barkoxeko maskaradak, 1995):

“Neskatila gaztia bai zure begitik (13)
Udüri  zitadazüt zirela dendari (13)
Balin badüzü haxtür zorroztü beharrik, (13)
Zuri eginen deitzügü gustian dohainik. (13)”

Xorrotxen saioak helburu satirikoa eta laudatiboa izaten du. Baina partaide batzuen hitzaldietan aktualitatearen kritika zinez zorrotza egiten da, beste batzuetan, aldiz, helburu didaktikoz osaturiko ahapaldiak osatzen dira. Adibidez, buhame edo ijitoek herriko gazteen langabeziaren eta lan bila harat-honat ibili beharraren lekukotasuna  eman izan dute:

“Ützuli handi horren urhentzeko
Euskal Herrila arra jin gira
Eta deliberatü
Heben behar günila egon.
Gure Xibero zokuan
Beste Euskal denetan
Ezpeitügü sokidüra
Baizik atzaman.

Hola dügü ikusten
Buhamen bizitzia,
Ujentxa zaharrer lotürik
Ihaute goxo baten igaiteko.”

Kabana Handiak, esaterako, bisitatzen duten herriko zenbait berriren aipamena egin lezake, modu irrigarrian: 1996an  kauteren buru zen  Kabana Handiak Muskildiko berriak  jorratu zituelarik, hango udal-hauteskundeetan emakumeek ateratako ehuneko 30eko errepresentazioa aipatu zuen:

“Heben kontseillu berria eta hiru emazte 30%”
“Jadanik etxen haiek dutie pantaloak eta orai mera ere.”

Gisa berean, herri horretan  jaiotza-tasa igo dela-eta, honako aipamenak egiten ditu:

“Karrikan
Natalité en hause! Baby boom!
Sans chapeau ni bonbons! On fait mouche a chaque fois!”

Jakina, “chapeau” eta bonboiak, preserbatibo eta pilulen metafora dira.
Bertako familietako batek bikiak izan ditu gainera, eta Kabanak aitaren ehiza zaletasunari egozten dio zorte on hori:

“Ez da estonagarri aita holako ihizlaria izanez,
usu hunek ere bi urzo edo bi erbi ehaiten dütü ber tiroan

Maskaradetako testuen egilea ezezaguna da, eta horren ondorioz herri zuberotarrak bere-bereak direlako sentimendua izaten du. Beraz, ahozko literatura hau benetan herriarena da eta herriarentzat egiten da, hari irri eginarazteko, eta bide batez, pentsarazteko, eta jostatuaz, komunitate gisa elkartasuna adierazteko.