Zuberoako Maskaradak aditu askok deskribatu ditu (G. Hérelle, J. Sallaberry, J.B. Mazéris, V. Alford eta J.M. Guilcher, F. Fourquet, M.A. Garamendi, J. Caro Baroja, K. Fernandez de Larrinoa) eta,  bereziki, dantza edo ballet antzezpen gisa aztertu  ditu. Ez da gure egitekoa interpretazio folkloriko eta antropologikoetan sakontzea bai, ordea, talde banaketari buruz egile desberdinek esandakoa aipatzea.

Maskaraden talde banaketaz, errepresentazioaz, mugimenduez eta abarrez  zenbait interpretazio sinboliko saiatu dira. Besteak beste aipagarri da François Fourquetek Urdiñarbeko Maskarada aztertu duenean (‘La Mascarade d’Ordiarp’, 1990) maskarada bi taldetan banatzen duela: Gorriak (bertakoak, zuberotarrak, ordena-adierazleak) eta Beltzak (kanpotarrak, buhameak, desordena…). Hérelleren ustez, gorrien taldean hiru estatuen irudia aurki daiteke: lehenengoak Jauna eta Anderea dira; bigarrengoak Kukuileroak, eta hirugarrengoak Laborariak. Maria Arene Garamendiren ustetan (El teatro popular vasco. Semiótica de la representación, 1991), maskaradetan ez da  ematen giza taldeen arteko oposiziorik, gizarte osoa aurkezten baitu, non ageri diren ala gizonak eta abereak, ala  ofizio ezberdinetako jendea, bertan sartzen direlarik, gainera,  madarikatuak eta desohoratuak. Beraz, maskaradak funtzio bikoitza betetzen du, A. Garamendiren ustez:

  • Taxonomikoa, gizartean ematen diren desberditasunen sailkapena egiten du.
  • Axiologikoa, alegia, balioen egitura bat eraikitzen da, baikorki epaituz antzina-antzinako borrokak. Hiru ekintzatan zati daiteke:

(1) Hartzaren eta Artzainaren arteko borroka, lehena hilez bukatzen dena.

(2) Zamaltzainaren zikiratzea, zein errituzkoa pairatu ondoren berpizten den inoiz baino indar gehiagoz eta jauzi handiagoak eginez.

(3) Kautera, txerrero, kukuilero eta ofizio ezberdinetako ofiziokoak, hala nola maskarada beltza osatzen duten buhame-buhamesak.

Egun, maskarada beltza gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da, deus ez dutenen taldea eratzen baitu, eta maisu-ikasleen arteko gatazkak gertatu arren, beren solasak notableen taldearen kontra zuzentzen dira.    

Kepa Fernandez de Larrinoak (‘Mujer, ritual y fiesta’, Pamiela 1997)  maskaradez eginiko azterketa antropologikoan,  maskaradak gizatalde baten jokabide erritual, teatral eta artistiko direla ondorioztatzen du, jai izateaz  gainera,   gizartearen barruko harreman sozialen  lekuko  eta  isla ere badirela, hain zuzen maskaradak gaur egun aldatzen ari den gizartearen tentsioen adierazle direla dio, hots, emakumearen integrazio, tentsio sozial, emigrazio, nekazari gizartearen gainbeheraren eta beste gauza askoren adierazle. Baina  gaur egun, beste ezer baino gehiago, josteta entretenigarri eta ikuskizun dira maskaradak, bere iritziz.

Irria, jolasa du gaur egun helburu nagusi maskaradak, baina baita  pastoralarekin batera hiltzear dagoen zuberotar gizartea batzea eta horri iraunaraztea ere. Hona hemen amaitzeko, esandakoaren adierazgarri, 1992an, emakumez soilik osatutako lehen maskarada hartan, Eskiulako emaztekiek agur esateko abestu zituzten koplak :

 

“Kantha dezagün gogotik
zahar gaztik harrotürik
desiratüz osagarri
Pentsa beti Eskiulari

Agur adixkidiak esker mila zier
Eman deiziegü amodio bezain plazer
Zer othe balio dü orai bizitziak
Ez baditügü zaintzen gure deskantsiak.

Xibero xoko ejerra eskual lilia
Zurekin date gü uduri den gazteia
Gure zainetan odola kurritzen bero
Bizi bedi orhidüra orai eta gero.”