Gaur egun behintzat maskara edo mozorro gabe ematen diren para-antzerkiak dira maskaradak. Horien  antzezleku nagusia herriko plaza edota pilotalekua izan daiteke, baina ibilbide bat egiten du herri bateko sarreratik  bertako auzoetan zehar. XV. mendean Maulen eman zen maskarada  jotzen da antzinakoenetzat; Jakes Belak “Tablettes” liburuan antzerki mota hori gaitzetsi egiten zuen, herrietan eragiten zuen nahasketagatik. Hala eta guztiz ere, maskaraden berri dugunetik beretik jasotzen diren lekukoen arabera, Elizak eta herri agintariek ez dute sekula oztopo handirik jarri emateari, berez,  inauteri giroan horrelako jostetak zilegi baitziren.

Hogeigarren mendearen hasieran herri bakoitzak bere  maskarada antolatzen zuen. Gaur egungo ohituraren arabera urtean herri batek antolatzen du, baina noizbehinka bi herritako  maskaradak ere izaten dira. Antolatzen duen herriak igandero egiten du antzezpena Zuberoako auzo herrietan, urtarrilean  hasi eta  apirila arte, baina garai batean inauterietan amaitzen bazen ere, gaur egun udaberrian zehar ere jarraitzen dute. Maskaradek lehen eta azken saioa herrian bertan  egiten dute.

Ez dira Zuberoa osoan antolatzen maskaradak. Basse Soule deritzan eskualdean, bereziki Pettarren antolatzen dira. Eskualde hori Maule ingurukoa da: Arbaila Handia (Gotañe-Irabarne, Idauze-Mendi, Iribarne, Mendikota, Mendi, Ozaze, Doneztebe, Zalgize) eta Arbaila Ttipia (Altzürükü, Garindañe,  Muskildi,  Urdiñarbe, Pagola eta Zühara) hartzen ditu. Hauekin batean, bereziki dira aipagarri, maskaradei dagokienez, Basabürüko herriak eta Eskiula nahiz Barkoxe, azken hau baita  maskaradak egiteko tradizioari sendoenik eutsi dion herri zuberotarretako bat. Eric Dicharryk dioenez,  maskaradak egiteari eutsi dioten herriak kultura eta hizkuntza zuberotarrari (zubererari) eutsi diotenak soilik dira, hots, Zuberoako Muskilditik Barkoxerainoko lerrotik mendialderakoak.