Xaribari-serenatak (zintzarrotsak, galarrotsak).

“Omenduriko”aren leihopean jotzen ziren ilunabarrean. Traste eta musika tresna zaratatsuz lagundurik, kontzertu kakofonikoa jotzea zen helburua. Hortik heldu da galarrots edo zintzarrots deitura. Gertakariari dagozkion bertsoak jartzen edo abesten zituen, inoiz edo behin, bertsolari batek.

Zintzarrotsak gaueko kontzertu zaratatsuak ziren zintzarri, zartagin, eltze eta antzekoz joa. Eztei eguna baino lehenago izaten ziren; hamabost bat egun lehenago has zitezkeen eta, batzuetan, eztei bezpera arte luzatzen ziren.

Galarrotsek zintzarrotsen egitura bera zuten, baina horietan koadrilek, zarata ateratzeko, adarra erabiltzen zuten.

Xaribari-paradak (karroxak, tobera-mustrak).

Herriko kaleetan zehar egiten ziren, “omendurikoak” karroxan zirela edo horien ordez horiek ordezkatzen zituzten aktoreak. Konpartsa beti bera izaten zen (epailea, idazkaria, bertsolaria).

Tobera-mustrak deitzen zitzaien Nafarroa Beherean, eta desfile edo paradak ziren: ‘mustra’ hitzak desfilea adierazten du; ‘tobera’ hitzak, berriz, izen bereko musika-tresnan du jatorria, eta antzezpenari dagokio (eztei bezperetan ezkongaiei eskaintzen zitzaizkien serenatak ziren toberak). Tobera-mustrak, toberak izeneko kantaldien aldaera irrigarriak zirela esan dezakegu. Esan dugunez, tobera-mustretan, batzuetan, taula gainean fartsa ere egiten zen. Herriko karriketan desfilatzen zuen konpartsak (aktore sail distiratsuz eta dantzariz osatua) eta gero komedia txiki bat antzezten zuten plazako jokalekuan. Komedia hori umorezko antzerki-emanaldi herrikoia zen eta epaiketa errepresentatzen zuten bertan. Tartetan, “Kabalkada”ko kideek (bolantak, makilaria, basandereak, gigantiak, kabalier eta kabaliersak osatua, besteak beste) dantzatzen zuten. Oraindik ere “kabalkada” esaten zaio Nafarroa Beherean zenbait dantzari-paradari (azken urteotan, taula gaineko antzerkia berreskuratzeko ahaleginetan dabiltza; helburu nagusia ez da, garai batean bezala, gertaeren kritika egitea, herria antzezpen baten aitzakian biltzea baizik).

aAsto-lasterrak deitzen zitzaien Zuberoan eta Baztan aldean konpartsa horiei. Horietan ere, kopla irrigarriak kantatzen zituzten bitartean, familiako liskarren parodia egiten zuten herriko gazteek. Batzuetan, herriko plazan gertakaria girotzeko tresnak jartzen ziren; “omendurikoak” asto gainean jartzen zituzten, astoaren isats aldera begira, eta lasterketak egiten zituzten alboan gazteriak zarata egiten zuen bitartean.

Xaribari-fartsak (asto-lasterrak).

Pastoralen antzekoak ziren egituraren aldetik (aitzin perediküa, akto nagusia eta azken perediküa), baina tragikomedietan bezala epaiketa egiten zuten, jujea, abokatua, lekukoa eta besteak tartean zirela. Bi zati bereizten ziren: gertakarien aurkezpena eta errudunen zigorra; tarteka dantzariek parte hartzen zuten. Fartsa horietan deabru-eszenak eta fartsa-eszenak zeuden. Esan dugunez, taula gaineko errepresentazioaren aurretik desfile, parada edo mustra egiten zuten kalean zehar konpartsak, aktoreek eta “omendurikoek”. Fartsa horietatik hemeretzi antzezlan gorde dira, batzuetan osorik eta beste batzuetan horien zati bat.

 

Musika Tresnan:

Toberak: 

Ave Maria purisima!
Jaungoikuak gabon!
Esplikatzera nua
zer desio dugun:
toberak jotzera gatoz
bost edo sei lagun.

Toberak jotzera eta
libertittutzera,
ez uztiagatikan
usariyua galtzera;
borondaterikan ezpada
join gera atzera.

Nobiyo jaunak esan diyo
andre nobiyari:
– “Zer egingo ote-diyegu
gizon oriyeri?
Umore ona pasatzia
gustatzen zitt neri”.

“Libertsiyo polit bat
elkarren artian,
pasatzia obia
bitatik batian;
eztut uste izain den
iñoren kaltian”.

Andre nobiyak errespuesta
jakiña bezela:
– “Etorri diraden ezkero
kanta dezatela;
lotsa aundiya emango
diyegu bestela”.

Konformatu dirade
biyok alkarrekin;
guk ere segi dezagun
umore onakin;
lagunak, palanka juaz
kantatu “San Martiñ”.

koroa

San Martin de la moja;
moja de San Martin…
Toberak jo ditzagun
ordu onarekin;
ordu onarekin eta

Birjin Amarekin.

Anka bat abajo daukat
bestia levanta;
xinistatuko duzute
egiya esan-ta:
orain zuek egin zerate,
urren beste baten txanda.

Oya jarriya dago
maindire zuriyakin;
maindire zuriyakin ta
bi almoadakin,
nobiya andria etzateko
nobiyo jaunarekin.

Mayatzaren amabiya
sekulan etzitt aztuko;
ezkontza au ikusi-ta
zein ezta poztuko?
gaur arratsian oyek biyek
eztira oztuko.

Emen burruntziya deitzen diyogu
napar-aldian gerrena:
batzuentzat konsuelua ta
bestientzat pena;
nobiyo jaunak agindu digu
sartzeko barrena.

Iturria: “Aozko literatura”
Biltzailea: Manuel Lekuona
Lekukoa: Oiartzunen jasoa