Jakina denez, xaribari-serenatak Euskal Herrian ez ezik Europako Mendebalde osoan daude dokumentatuta. Xaribari-paradak eta xaribari-fartsak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egiten zituzten herriko gazteek. Dena dela, Hegoaldeko herri batzuetan ere izan da horrelako tradiziorik, esate baterako, Luzaidekoak  aipatzen ditu Iribarrenek.

Noizkoak diren ez dago zehazterik; lehen aipamenak XVII. mendekoak dira. Eliz agintariek eta agintari zibilek etengabe erreprimitu nahi izan zituzten, eta debekualdiak izan dira.

Xaribari esaten zaio, oro har, moral zuzena jotzen denetik kanpo bizi denari egiten zaion antzerki bidezko abisuari. Hasiera batean, bi aldiz ezkontzen zirenei egiten zitzaien soilik, gerora, ordea, beste egoera batzuetan ere bai: adinez alde handia zuten ezkongaiei, emaztea jotzen zutenei, etab. Gizartearen bizioei kritika egitea da, beraz, horren helburua.

J.M. Lekuonaren ustez, obra hauek orijinaltasun nabaria dute: salaketa egiterakoan herriak duen balioen sistema jartzen da agerian, etxeko moralaren irizpide nagusiak zein diren adierazten da, alegia.

Urkizuk gogorarazten duenez, alargunen ezkontzak zigortu egiten zituen herri moralak; zerga edo droit de pilote delakoaren arrasto herrikoia da galarrotsa bere ustez, moralitate publikoaren defentsan eraikia. Fartsetan balio moralen kritika egiten da, baita eliz agintearena eta botere zibilarena ere.

Kortazarrek dio gertaera eskandalagarriak agerian jartzea eta gizarteak onartzen dituen mugak erakustea dela xaribarien xedea.