Gugaino heldu diren eresiak ez dira asko, eta ez dago zehatz-mehatz ezagutzerik ahozko genero honen gorabehera guztiak. Dena dela, pentsa daiteke, eresiak bat-bateko sorlanak zirenez, oraingo bertsolarien moduko baliabideak izango zituztela eta zenbait formula erabiliko zutela. Hain zuzen Martin Bañez-en eresiak bezalako hasiera du Peru Abendañokoren kantuak (Aramaioko kanta), Frantzisko Mendietak XVI. eta XVII. artean bizi izan zen kronistak idatziriko Bizkaiko Analen laugarren partean jasoa.

Izarragati(k) gora elzian joxala,
jaun Peru Abendañokok esala:
“Oñetako lur au jabilt ikara,
gorputzeko lau aragiok berala.”

Oi aldi oneri al banegi enpara!
Barriz enendorke Aramaio kontrara.
Mendiola il deustak Gasto Apala,
bere laguntzat beste asko ditubala.

  • Biltzailea: Francisco de Mendieta
  • Iturria: “Annales de Vizcaya”, Donostia 1915

Jon Juaristiren iritziz, Abendañoren kantua ez da eresi bat, balada bat baizik, eta bete-betean sartzen da ahozko poesia narratiboaren sailean.