Martin Bañez de Artazubiaga 1464an hil zenean, haren alargun Sancha Ochoa de Ozaetak jarritako bertsoz osatutakoa da Martin Bañez-en eresia. Adituek diotenez, Guillén Peraza zaldunak Palma uhartea konkistatzerakoan bizia galdu-eta jarritako endecharen antz handia du. Bien arteko antzekotasuna formala da, metrika aldetik oso parekoak baitira; gaiari ere ia tratamendu bera ematen zaio: poema hasten da alargunaren emozio biolentoen adierazpena eginez, eta jarraian heriotza nola gertatu den laburki azaldu ondoren, hiltzaileen lurraldearen aurkako madarikazioa eskatzen da. Hiru bertso lerro errima bakarrarekin egindakoen egitura dute ahapaldiek.

Oñetako lur au jabilt ikara,
lau aragiyok bere an berala,
Martin Bañez Ibarretan il dala…
Artuko dot esku batean gezia,
bestean zuzi iraxegia,
erreko dot Aramaio guztia.

  • Biltzailea: Esteban Garibay-ren idatzitatik, Juan Carlos Guerra-k jasoa.
  •  Iturria: “Los Cantares antiguos del euskera”, Donostia 1924

Sancha Ochoaren mendeku egarriaren adierazpena Ahaide Nagusien arteko borrokek gizartean errotutako bihotz-gogorkeriaren testuinguruan sortua da.