Ospetsuenetakoa Garibaik bere Memorian jaso zuen Milia Lasturkoren eresia da, XV. mendekoa. Erdiminetan hil zen Miliaren ahizpak haren heriotza zela-eta jarritako lantuzko bertsoak dira, eta haren senar Peru Garziak berriro ezkontzeko duen asmoa deitoratzen du.

Garibaik jaso zuenez, Peru Garziaren arrebak erantzun egin zion eresi honi eta Miliaren ahizpak jarraitu egin zion beste eresi batez, baina ez dira hori bezain aipagarriak.

Zer ete da andre erdiaren zauria?
Sagar errea eta ardao gorria.
alabaia, kontrario da Milia,
azpian lur otza, gaiñean arria.

Lasturrera bear dozu, Milia:
aita jaunak eresten dau elia,
ama andreak apainketan obia;
ara bear dozu, andra Milia!

Jausi da zerurean arria,
aurkitu dau Lasturren torre barria,
edegi dio almeneari erdia,
Lasturrera bear dozu, Milia!

Arren! ene andra Milia Lasturko,
Peru Garziak egin deusku laburto,
egin dau Andra Marina Arrazolako;
ezkon bekio, bere idea dauko.

Peru Garziaren arrebak:
Ez dauko Peru Garziak bearrik,
ain gatx andia apukadua gatik,
zeruetako mandatua izanik,
andrariok ala kunpli jasorik.

Gizon txipi sotil baten andra zan,
atearte zabalean oi zan,
giltza-porra andiaen jabe zan,
onra andi asko kunplidu jazan.

Miliaren ahizpak:
Arren ene andra Milia Lasturko,
mandatariak egin deust gaxtoto.

Zerurean jausi da abea,
jo dau Lasturko torre gorea,
eroan ditu ango jauna eta andrea,
bata leen, gero bestea,
bidaldu dogu zeruetara kartea,
arren diguela geure andrea.

Mondragoeri artu deusat gorroto,
gipuz andra ok artu ditu gaxtoto;
Iturriotz kalean andra Maria Baldako,
Arte kalean andre Otxanda Gabiolako,
erribalean andra Milia Lasturko.

  • Biltzailea: Esteban Garibay-ren idatzitatik, Juan Carlos Guerra-k jasoa.
  • Iturria: “Los Cantares antiguos del euskera”, Donostia 1924