Ahoz aho kontatu eta kantatu diren  altxor tradizionalaren pusketa txiki bat baino ez dugu. Europan folklore biltzen berandu hasi ginen. Aitzindariak alemaniarrak izan ziren XIX. mendeko hasieran. Grimm anaien lehen ipuin-liburua Kinder-und Hausmärchen (Ume eta sutondo-ipuinak) 1812koa da. Bilketa lanean hamahiru urte lehenago hasi ziren, ordea. Euskal Herrian Agusti Xaho bera izan zen aitzindarietako bat  kanta zahar tradizionalak kantutegi eder batean bildu zituelako.

Lehen ipuin eta mito biltzaileak XIX. mendeko bigarren alderdikoak ditugu: Jean François Cerquand eta Wentworth Webster. Ipuin kontatzaile zein kantu kantariek beren kantu eta kontuak memorioan gordetzen zituzten. Memoria izan da kantu eta kontuetako biltegia ahozkotasunean. Horrexegatik bada esaera onartu bat folkloristen artean, hots, “agure edo atso zahar bat hiltzen denean biblioteka oso bat galtzen da”. Esaera hau nork esan zuen lehenengoz ez dakigu, baina gure artean egiarik egiena bezala korritzen du. Carlos Fuentes idazle mexikarrak dio Fernando Benitez Mexikoko indioen kronistak esan zuela “indio bat hiltzen denean biblioteka oso bat hiltzen da  harekin batera”. Esaldi honek egia handi eta mingarri bat biltzen du bere barnean, mertxikak barnean hezur gogorra biltzen duen bezalaxe. Euskal biltzaile handienek, esaterako, beren amari bildu dizkiote piezarik preziatuenak. Azkuek bere amari eskaini zion Euskalerriaren Yakintza bilduma ederra, bere ama Maria Aberasturi izan zelako  berriemailerik emankorrena sineskera, esaera eta ipuinetan. On Jose Migel Barandiaranek ere bere amari bildu zizkion Ataungo  elezahar edo esaunda asko. Manuel Lekuonak heriotzako ohikundeak eta erritoak biltzeko orduan bere ama izan zuen  berriemaile nagusi. Juan Carlos Guerrak Arantzazuko Amari beilariek kantatzen zizkioten kantak bere amarengandik bildu omen zituen.

Pertsona bakar batengandik, Viehmann deitzen zen atso maitagarri batengandik, bildu zituzten, esaterako, Grimm anaiek 1815eko bigarren liburuko hainbat ipuin. Emakume ipuinlari honi gorazarre egiteko haren irudi eta guzti argitaratu zuten delako bigarren liburua. Euskal alorrean Arantzazuko fraideen esneketaria zen Graziano Anduaga Gesaltzako aitona bertsolariari bildu zizkion ipuin, esaera eta pasadizo harrigarriekin Luis Villasantek liburu ezinago ederra atera zuen Kuliska sorta bilduman.