Hemeretzigarren mendean egin ziren gure lehen bilketa ezagunenak, eta abestiez interesatu ziren lehenik. Lehen kanta biltzaileak zuberotarrak izan ziren. Ezagutzen dugun lehen biltzailea Agustin Chaho izan zen. Francisque Michelek Le Pays Basque, sa population, sa langue, ses moeurs, sa littérature et sa musique liburua 1857an agertu zuen; kanta gehienak Archu zuberotarrak eman zizkion. Madame Villehelio zuberotarrak ere 1869an Souvenirs de Pyrénées lantxoan kanta ahurtara bat publikatu zuen. Zuberotarra izan zen Jean Dominique Julien Sallaberry Chants populaires du Pays Basque kanta liburu bikainaren egilea, 1870ean argitaratua.

Lehen ipuin eta elezahar biltzaileak, ordea, kanpotarrak izan ziren:  Jean François Cerquand Frantziako eskola inspektoreak Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau aldizkarian, “Legendes et récits populaires du Pays Basque” titulupeko artikulu luzeetan, 1874-1885 bitartean, 117 kontakizun argitara zituen. Kontakizun hauek ipuin eta elezaharrak dira zehaztasun handiz hornituak. Cerquand-en garaitsuan Euskal Herrian bizi zen Wentworth Webster (1828-1907) artzain anglikanoak ere hainbat ipuin eta ixtorio bildu zituen Saran, Lapurdin. Istorio hauetako zenbait, ingelesera itzulirik Londresen argitaratu zituen. Julien Vinsonek 1883an liburu polit bat argitara zuen frantsesez: Le folk-lore du Pays Basque. Anton Abadiaren eraginez ere bildu ziren herri-kontakizunak. Herri-kontakizun hauek oraintsu arte Parisko Biblioteka Nazionalean gorde izan dira.

Hegoaldean berriz, oihartzun handia izan zuen Ingalaterrako mugimenduak: Unamunok, Vicente Aranak eta Camilo Villabasok 1884an Sociedad El Folk-lore Vasco-Navarro sortu zuten, euskaraz Erriko Yakintza izena zuena. Resurrekzion Maria Azkue handiak ere izen bera erabiliko du bere azken lan erraldoia argitaratu zuenean: Euskalerriaren Yakintza. Gisa berean, ahozko tradizioaren biltzaile eta ikertzaileen  artean,  ezin ahantzizkoak dira herri antzerkiaz interesatu zen George Herelle,  ipuin biltzaileen artean Jose Migel Barandiaran eta Jose Mari Satrustegi, lirikaren arloko tradizioaren biltzaileen eta aztertzaileen artean guda aurretik Manuel Lekuona eta Jose Ariztimuño “Aitzol”, eta gure egun hauetan Antonio Zavala, besteak beste.