Bertsolaritzaren historiaren ibilbidean zehar emakume izenik  gutxitan aipatu izan da, baina Txapelketen aroa hasi zenez geroztik, eta bereziki 1980-1999 alditik aurrera, Joxerra Garziak dioen moduan “Herritik publikora” aldaketa egin zuen aroan agertu ziren multzoan.

Ahaide Nagusien garaiko kronikariek eta Bizkaiko Foroak eman zizkiguten albisteetatik, eta hainbat zeharkako albisteen bidez dakigunaren arabera, emakumeek bertsoak, koplak eta ditxoak egiteko ohitura izan zuten, baina haietako askoren izenen erreferentziarik ez dugu eta haien bertsoen ale-aleak besterik ez zaizkigu iritxi, tamalez. Joan Mari Lekuonak (1991) baieztatzen zuen moduan, bertsolaritzaren iraupena eta transmisioan emakumeek egiteko ugari izan dute, eta hainbat lekukotza jaso dira familia giroan edota auzoko lanak egin artean emakumeek bertsotan jarduten zutela eta haurrek haiengandik ikasten zutela bertsotarako zaletasuna.

Emakume bertsolarien kasuan, ordea, bereizgarria da bertso jarduna etxea, auzoa, lantegia (jostundegia) edo komentua bezalako gune pribatuetan egiten zela, eta ez gizonezko bertsolariek bezala, plazan edo ostatuan: ez esparru publikoan. Horregatik, denok gizonen jardunarekin, plazarekin edo tabernarekin lotzen badute ere bertsolaritza, irudi hori osatu gabea da, arlo pribatuan jarduten zuten emakumeen irudia alde batera uzten delako.

Jone Miren Hernandezek (2012) dioenez, bertsolaritzaren irudia gizonezkoena da: bertsolaritzak eta maskulinitateak bat egiten dute: “Bertsolaritzan ez zegoen tokirik feminitatearentzat; emakumeentzat bai, baina maskulinizatzearen truke”. Izan ere, K. Larrañaagak (19949 aipatu bezala, ahotsaren indarra, segurtasuna, desafioa, pikardia, publikoaren aurrean irmo jartzea, edatea, ligatzea, erdigunea izatea… bertsolaria osatzen duten ezaugarriak dira. Jone Miren Hernandezek ere bat egiten du Larrañagarekin: gizonezkoen diskurtsoa, hizkera eta kantatzeko era nagusi izan dira, eta gaiak, pertsonaia estereotipoak nahi egoerak gizonezkoengan pentsatuta zeuden. Horregatik izan da horren zaila emakumeen ahotsak lekua hartzea esparru publikoko bertsolaritzan.

Txapelketen bidez iritxi dira emakumeen ahotsak fokoen argiaren pean leku bat izatera.

Aurretik, bertso idatzien bidez, nahiz testuinguru jakin bateko egoeran botatako bapateko bertso ausartengatik oroitzen dira han eta hemengo lekukotzak, bereziki Mogel, Xenpelar, Otaño edo Pello Errota bezalako bertsolarien ahaide ziren emakumeen bertsotarako dohainaz dihardutelako lekukoek.

Edonola ere, Kristina Mardaras (Iurretan 1948) aipatzen da 1986ko Euskal herriko Txapelketa nagusian parte hartu zuen lehen bertsolari gisa. Berarekin batera ausartu ziren geroxeago tranpaldoetan Arantzazu Loidi (Aretxabaleta 1967) eta Maialen Lujanbio (Hernani, 1976), azken honexek lortu zuelarik finaletara indarrez iristea, harik eta 2009ko txapelketan txapeldun izatea lortu zuen arte. Beste asko dira gaur egun bertso saioetan parte hartzen duten emakumeen izenak: Miren Amuriza, Iratxe Ibarra, Estitxu Arozena, Oihane Perea, Ainhoa Agirreazaldegi, Oihane Enbeita , Estitxu Izagirre, Uxue Alberdi

Ibilbidean, emakume bertsolari horiek hainbat aurreiritzi gainditzeko lana egin behar izan dute: euren gorputza eta jarreraren arrarotasuna bertsolari izateko, haien abots meheagoa, edota umorea eta graziaren moldeak gizonek bezain trebeki ez erabiltzea. Bestalde, erritmoa azkar eta motzak erabiltzeko zailtasun handiagoa erakusten dute, eta gai tabuekin topo egiteko eragozpenak aurkitzen dituzte,… Horiek dira aurrerantz begira gainditu beharreko erronkak, egokitzeko ahalegin kolektibo jarraituak iritxiko dituen lorpenak.