Ahaide delizius huntan

Ahaide delizius hontan bi
berset geit tit kantatü,
ene bizitze mulde gaitza
mündü orori deklaratü:
ihün sos bat ebatsi gabe
ez eskandalik txerkatü,
hamar urten galeretan
nahi ükhen naie sarthü.

Zelietako Jinko Jauna
zützaz nüzü estonatzen,
zerentako hain desbardin
gütützün heben egiten:
batak indar gabe bestiak zentzü
gabe, bethi prauben agitzen.
Mündü huntarik bestila baiko
han denak gira bardintzen.

Jinkuak maradika dezala
Gaztelondon Topetia,
eta neskatila praubetan
amodio ezartia;
batetan ezarri bilakoz
izan niz desprimatüa,
egüzaitak egin zereitan
ordeiniaren haustia.

Ene aitak destinatia
ükhen nian espusatü,
erranik nahi zeitadala
primajia errendatü.
Ene maite fidel ezagütia
nik horregatik kitatü,
eta beste maiterik zian bat
ene phena gai hartü.

Bi urte iragan ditiat
Espanan pelegri gisa;
hire ganik deuseren ezin
ükhenez biziaren bilha.
Orai hiri sokhorri galthoz
jin nük ezin ebilia,
hik igorri ene etxetik
erranik han deüs enila.

Adio erraten deizüt ene
phena gei hartia,
bena orai zü zütüdano
ene kontsola guzia.
Athorra bat eman deitazüt
destrenpien erekeitia,
ikhara zinandialarik
errenak jakin trixtia.

Kantore hoiek huntu nuntian
Unhurritzeko olhetan,
Errumarat juiten nizala
erraiten beitut hoietan;
maleruski ni hil banendi
bidaje lazgarri hortan,
Ziberuan kanta itzatzie
ene orhitzapenetan.

Ai hori begi ederra

Ai hori begi ederra,
iruditzen zait eperra,
gauza hoberikan zer da?
Ointxo polita, zapata eder
txorkatila guztiz fina,
jantzi ederki egina,
telia modako fina…
Ai, neretzako bazina!

Adiskide bat banuen
alkar maitatzen genduen,
horra zer amorio nuen;
zoragarrizko dama eder bat adiskide banuen:
bi ahizpetati altuen,
zaharrena beretasuben
tratuba galdu etzuen.

Indazu bada neroni
zure eskutxo eder hori,
torneadua dirudi.
Nahiz haserratu hestutu biok
zartxuba naiz da neroni;
askok dio bada begi
arpegi txuri eder horri;
Konzepziua diruri.

Aizak hi mutil mainontzi

(Xenpelarrek)
Aizak hi, mutil mainontzi,
nagusiari goraintzi.
Ez al hakiken hor pipa hartzia
etzela lizentzi?
Jenio txar hoiek utzi
bestela hezurrak hautsi,
gizalegia nola behar den
ezin erakutsi (bir)

(Musarrok)
Nik badet gizalegia
Prantxiskuk baino hobia,
beste tatxarik etzait arkitzen:
arlote pobria;
nik jeinua noblia,
kortesi paregabia;
neri hezurrak hausteko nun dek
abilidadia? (bir)

(Xenpelarrek)
Ziri bat sartu dit neri,
orain bestia berari,
abilidade gutxi duela
ez esan inori:
azala dadukak lori,
mamirik ez duk agiri,
hezur iharra hausten zaila duk
bazekiat hori.(bir)

(Musarrok)
Kunplitzik nere ordenak,
ez dik kalterik barrenak,
bestela parra egingo ditek
aditzen daudenak;
hik nundik dauzkak kemenak
menderatzeko gailenak?
Hezur iharrak hautsitzen dizkik
indarra duenak. (bir)

(Xenpelarrek)
Gaztelania geroko
ardua berihalako,
nagusiari ejenplo onik
ez diok parako;
gogua daukak harako,
paraje ona dalako,
eskola dezu txikiegia
tertuliarako. (bir)

(Musarrok)
Arrazoi txarra abian
dezu seitatik lauian,
egongo zera errespuesta
aditu nahian;
gauero banil galdian
ikusi nahi nau aldian,
zuk baino hobeki ematen det nik
hango sukaldian. (bir)

Amodioa gauza tristea

Amodioa gauza tristea, bihotzen higatzailea,
guziz enea bezala bada esperantzarik gabea.
Gizonarentzat hau baino malur handiagorik badea ?
Ikusten eta ezin eskura maitatzen duen lorea !…
Hunela bizi baino aunitzez hobe litaike hiltzea !

O, Jainko ona, zendako bada egin nauzu hoin maluros,
begien bixtan izar eder bat ezarri dautazulakotz,
ikus orduko maite nuena nik ditutan indar oroz ?
Harek ordainez ez du enetzat ez begi eta ez bihotz…
Nehoiz ikusi izan ez banu hobeko nuen ondikotz!

Oi, ene maite ezin ukana, zoin zaren xarmegarria !
Maite dut zure begitartea, maite zure boz eztia,
halaber zure irri gozoa, zure izaite guzia ;
zuretzat baizik ez dut begirik, zare ene iguzkia,
gau eta egun zuri pentsatzen deramat ene bizia.

Martxoko hormak galduko duen lore pollit goiztiarra,
ta eihartzerat bortxatua den aizeak hautsi abarra :
ene bihotza ez ditaikea gauza horier konpara ?
Nehoiz enea ez da izanen maitatzen dutan izarra,
hortaz oroituz maiz etortzen zaut nigarra begietara.

Aitortzen dautzut, ene maitea, goiz aski banakiela
etzintaizkela enea izan, bertze batentzat zinela ;
bainan halere maitatu zaitut, ez bainezaken bertzela ;
ene bihotza, bizi naizeno, izanen zaizu fidela,
zuretzat bizi ez banitaike, zuretzat hil nadiela !

Begira nago jarria beraz

Begira nago jarria beraz
zeru erditik mundura,
Bilbo aldeak sortu du nere
barrunpe hontan ardura,
kez estalia ikusitzen det
hiri handien modura,
hori da zatar itxura. (bir)
Zalantzan nago oraindik ere
petrolioa den hura,
hurbildu eta konturatu naiz
dela Nerbioiko ura. (bir)

Beraz gizonak jarriak daude
kutsaduraren esklabo,
Bilbo aldeko biztanle denak
martxa honetan akabo;
kutsadurak hor ba omen dauzka
nik ez dakit zenbat grado,
gardia gendun lehenago. (bir)
Orain zikina nagusitu da
pixkanaka eta gehiago,
erremeiua ipini dezan
Udaletxea non dago? (bir)

Alper alperrik hasi ziraden
arren, arren eta arren,
ibai zikinak goikaldetikan
zerrikeria zekarren;
gure hirian bizi beharko
ahal danik eta ondoen,
badaukagu nahiko kemen. (bir)
Norbaitek egin gura baluke
lana sobra dago hemen,
beraz ahal dala bete dezagun
guztiok ito baino lehen. (bir)

Behin batian Loiolan

Behin batean Loiolan erromeria zan,
hantxen ikusi nuen neskatxa bat plazan;
txoria baino ere arinago dantzan;
huraxe bai polita, han politik bazan!

Esan nion desio
senti nuen gisan,
harekin hizketa bat
nahi nuela izan;
erantzun zidan ezik
atsegin har nezan,
adituko zidala
zer nahi nion esan.

Arkitu ginanian
inor gabe jiran,
koloriak gorritu
arazi zizkidan;
kontatuko dizuet
guztia segidan,
zer esan nion eta
nola erantzun zidan.

“Dama polita zera,
polita guztiz, ai!
baina halare zaude
oraindik ezkongai,
ezkon gaitezen biok!
esan zaidazu bai!”
“Ni zurekin ezkondu?
ni zurekin? jai jai!”

Betroiarenak

Iturria: Manuel Lekuonaren “Aozko literatura”

Mila zortziregun-ta
irurogeita biyan,
bertso bi jarraitzeko
nua abiyan.
Betroi bat artu nuben
Ernani’n periyan,
galantziya egingo
nubela agiyan…
Beti auleriyan,
tristura begiyan;
ez aren premiyan
nere fameliyan…
Xenpelar’ek daukazki
Errenteriya’n.

Ostegun juan danian
amabost Ernani’n
betroyaren tratua
genduben egin.
Saltzalle Inaziyo
erostuna Fermin…
Emeretzi ezkutu
geniyon eragin.
Sabelian du miñ,
inork ase ezin,
artuari muzin,
eztu nai edozein…
Atzetik biar ditu
zazpi medezin.

Informe txarrak dira
orrentzat auzotik:
espalda ateria
urgun besotik.
Eztula ta antsiya
urkullu-zokotik;
desterratuko nuke
nik nere bototik,
amarra lepotik,
grillubak orpotik…
Makillaz ondotik
jotzen det gogotik…
Etzayo ajolarik
ezerengatik.

Oraindik gaztia da,
– ogeitasei urte-;
ernari omen-dauzka
bost hilabete;
nik eztiyot igertzen,
ala esan dute;
gezurra baldin bada
engañatu naute.
Ezurretan torpe,
zañak dauzka fuerte.
-Aragiya aparte-
zeinek nahi du merke?
Zikiro baten truka
Emango nuke.

Kara iguala du
aurrian-ta atzian:
basurdia dirudi
zutik jartzian.
Konsuelo bat daukat
nere biyotzian:
bizirikan gelditzen
bada Ilbeltzian,
ori umatzian,
esnia etxian,
gaztak abatzian,
gazura arratsian…
Belarrak gizenduko
du Mayatzian.

Orren arbolatikan
datorren loria,
frutuak kontserbatzen
pare gabia.
Alabatu nai diyot
bere onoria:
umatzen baldin bada
ai zer poderia!
Orren koloria,
beltza ta moria…
Juan zayo floria,
lenago obia…
Nere familiyaren
ondadoria.

Begi bat itsuba du,
adar biyak motzak,
krisallua dirudi
arren kokotzak.
Ikaratutzen gaitu
eztularen otsak;
elizatik burlaka
ari zaizka ontzak;
sano dauzka ortzak,
aginak zorrotzak,
tristura biyotzak,
Dantzan dabil otzak…
Eztiyo onik egin
leku arrotzak.

Burruka dabillela
juan zaizka adarrak,
ezin sujetaturik
bere indarrak.
Talentu onak dauzka
nere betroi zarrak,
lurrera botatzen du
euli baten kargak.
Ganadu elbarrak,
junturak igarrak;
jendiaren parrak
eztirade txarrak…
Burruntziya dirudi
aren bizkarrak.

Betroi onek ez dauka
auko loalia:
egunero nai ezik
gari-alia.
Ala ere ezin jaso
lepoko joalia;
buruba makurruta
zerbaiten galdia:
orren zaldalia
ezta debaldia,
gauz onen zalia,
bizkotxo jalia…
Malezi asko duben
arrantzalia.

Burua jarri zayo
lurrera begira,
belarriyak zintzilik:
ai zer segira!
Albaitero guztiyak
ikaratzen dira.
Zeñek sendatuko du
orlako erida?
Bajatzen ari da
irutatik bira.
Au nere perdira!
Nork nai du erdira?
Baña ez det emango
Euskalerri’ra.

Urtiak gallenduta
ajiak azaldu;
daukanak hobe zuen
artu ezpalu.
Etxetikan kanpora
ezin det bigaldu;
joka hasten naiz baña
laister urrikaldu.
Aragiya galdu,
larruba ona du,
ezurrak onradu…
Frantzesak nai ba-du,
labain-kirtenetako
obe det saldu.

Horra hamabi bertso
Xenpelar’ek para,
jendiak jakin dezan
nere euskara.
Ustez alabatu det
betroyaren kara…
Ukulluan eztulka
pasatzen du gaba;
sano du ijara,
guztiya tripara;
Juan zayo ikara…
Orlakua zara…
Desterratu nazazu
gezurra bada.

Biribila da lur gaina

Biribila da lur gaina
itsasoa urdina,
zerua ere berdina;
Euskaldunen aterpea
haizea zen antxina. (bir)
Han Isturitz, Altamira,
hemen Santimamiña;
Anbotoko sorgina,
gure arima dago harriz
eta haitzez egina. (bir)

Izarpeko kobak ziren
orduko bizidendak,
basoak eta landak,
Kantaurira heldu zena
izango zen baten bat. (bir)
Hainbat herri edo tribu
nik ez baitakit zenbat,
baina gurea zen bat,
historia jan nuela
amets egin nuen bart. (bir)

Zenbat aldiz gure trena
zubipera jausia,
eskeleto hausia;
historian mila gerra
galdurik gogoz ia. (bir)
Haizearen bizkarrean
datorren garraisia,
lurpetik ihesia,
maiteago izaten da
kostatzen den bizia. (bir)

Euskalduna Asiatik
omen dator hain zuzen,
kontsolatu gaitezen;
gero jarri zuten haurrak
jaiotzea Parisen. (bir)
Gutxiena da noiz sortu
eta nondik gatozen,
nondibait izango zen,
behar dena non gagozen
eta nora goazen. (bir)

Errekarik ez da inoiz
itzultzen sorlekura,
mendiko sosegura,
gure herria hogeigarren
menderarte heldu da.(bir)
Hurbil egon ala urrun
itsasoaren muga;
horrek zer du ardura,
joan doan bitartean
ez da usteltzen ura. (bir)

Abereak euki arren
adar eta ostiko,
arnasa gabe ito,
zezenaren azkena da
jartzea belauniko. (bir)
Zutik dagon bitartean
herri hau ez da hilko,
ez lurrak irentsiko,
haitzartean bada ere
biziko da betiko. (bir)

Emazte zenaren soinekoa

Gaia: “Zure emazte hil zenaren soinekoari”

Pentsa zazute alargundu bat
ez daike izan urusa;
dolamen hunek oi! ez dezala
ainitz gehiago luza.
Orai urtea zuloan sartu
andreñoarearen gorputza,
haren arropa hantxet dilindan
penaz ikusten dut hutsa. (bir)

Geroztik nihaur ere nabila
guzia beltzez jantzirik,
ez dut pentsatzen nigar eiteko
ene begiak besterik;
ez pentsa gero andre gaxoa
baden munduan besterik,
zure arropa berriz soinean
har dezaken emazterik. (bir)

Ene Lukas maitea

Ene Lukas maitea, zer bihotza duzun
gutaz arta hartzeko, izanik hoin urrun!
Beldurtzeko da Euskal Herrian ez dugun
zu bezalakotarik bi miletan ehun.

Haragia ausarki, herriko ogia,
mugaz bertze aldetik karri edaria;
pare gabea zela da egi haundia
guk zure diruekin egin bazkaria.

Beti orroituko naiz ikustate hortaz,
ene lagunak ere kontent ziren arras;
denek maiz giniola “Gizagaixo Lukas!”
han etzen egun hartan zu bertzerik eskas.

Musean iragan da gero atsaldea,
nik laguntako nuen ogi-egilea;
Aguxtinek Battitta, gure abadea,
ez idurian hauxe zer xori parea!

Gezurrak haizu ziren, hori betikoa;
zaharrek inbidoa ta guk hordagoa;
nahi denek berdintsu ginuen jokoa,
gaztek galdu dugula erran gabe doa.

Holaxet iraganik uros atsaldea,
han berean jin zauku afal-tenorea;
berriz jan eta hartu etxeko bidea,
zuretzat ezagutzaz bihotza betea.

Etxeko bide hortan ez ginazan gaizki,
Joanes, Aguxtin ta ni, hiru ginen naski;
askotan ixilago joan dira zazpi,
eta bide guzia ez ginuen aski.

Lagun on horekin zinez laketu niz,
orok omorea on kantuz eta irriz.
Oi, egun eder hori berrituko balitz!
Zuk nahi duzunean gu prest gira berriz.

Gai horrek badu mamia

Gaia:”Gizona ez da ogiz bakarrik bizi”.

Gai horrek badu mamia
baldin ez banago gor,
hainbat jende gizaseme
ikusten ari naiz hor;
ogiaz gain gizonari
anitz gauza zaio zor,
bestela mundu hontara
hobe ez gaitezen sor.
Ogiakin justizia
behar dugu derrigor,
hau sinisten ez duenik
ba al da hemen inor? (bir)

Nik ez dakit ogi-puskak
indarrik baduenentz,
baina beste zerbaitekin
bart egin nuen amets;
esperantza zuri daukat
nahiz etorkizuna beltz.
Ogi hutsez bizitzerik
nik ez nezake sinets,
gizon batek hortxe ditu
bihotza ta hainbat saihets,
zuek ezetz esan arren
nik esango dut baietz. (bir)

Ogia da familian
gauza maitagarria,
baina horrek beharra du
azpian ongarria;
idi-gisa daramagu
buruan buztarria.
Askatasuna da ogi
eta gure neurria,
inoiz garbi irekitzen
bada horren iturria,
betiko berdetuko da
semaforo gorria. (bir)

Galerianoarena

Mila zortzi ehun ta
hamabortzgarrena,
ni Ahazparnen preso
hartu nindutena;
Plumagaineko premu,
orok dakitena,
galeretan higatu
beharko naizena.

Kantatzera nihazu
alegera gabe,
ez baitut probetxurik,
tristaturik ere;
nehun ebatsi gabe,
gizonik hil gabe,
sekulakotz galerak
enetako dire.

Ala, zorigaitzeko
premu izaitea!
Harek eman baiteraut
betikotz kaltea;
aitari galde eginik
sortzeko partea,
galeretan eman nau,
hauxe duk dotea!

Ene aita da gizon
kontsideratua,
semia galeretan
du segurtatua;
nun-nahi otoitzean,
belaunikatua,
saindu iduri, debru
madarikatua!

Ene lehen ikusia,
Kadet Bordaxuri
Fagore bat banuke
galdatzeko zuri:
Ongi adreza zaite
ene arrebari
Ene saltzeko zonbat
ukan duen sari?

Aita aitzinean ta
arreba ondoko
Osaba burjes hori
diru fornitzeko
Ez ordian enetzat
bi sei liberako
Galeretan bederen
leher egiteko!

Elizan sartzen dire
debozionerekin;
Iduriz badoatzila
saindu guziekin;
Beren liburu eta
arrosarioekin,
Deabruak pesta onik
einen du herekin.

Zortzigarren bertsua
anaiarendako:
Kontseilu bar banikek
hiri emaiteko!
Untsa goberna hadi,
etzauk dolutuko,
Ni baitan etsenplua
errex duk hartzeko.

Zuri mintzo nitzaizu,
oi, aita zilarra!
Ardura dutalarik
begiau nigarra;
Zure eta ene arraza
Bordaxuritarra,
Galeretan naizeno
ni bainiz bakarra.

Kantu hauk eman ditut
Paube-ko hirian,
Burdinez kargaturik,
oi! presondegian;
Bai eta kopiatu
denbora berian,
Orok kanta ditzaten
Hazparne herrian.

Hok eman izan ditut,
ez xangrinatzeko;
Ahide, adixkidek,
kuraie hartzeko,
Eta partikulazki,
aita, zuretako,
Kantu hok aditzean,
semiaz oroitzeko.

Gizon eta herriak

Hogeigarren eunkiyan
kristauben bizitzan,
bi urte igaruak
dauzkagu desditxan;
begira dierriyak
zer nola dabiltzan,
elkar purrakatutzen
non-nahi arakintzan,
aurrerantzean guaz…
txangurruben gisan.

Gizon eta herriyak
dabiltza beldurrez,
elkar zelatatuaz
lehor eta urez,
kanpotik hitz ederrak
barrutik gezurrez,
zeib dirade gaiztuak?
besteak bai, gu ez!
Indarra nagusi ta
gogorrena juez.

Aurreratu dubela
gizonak lurrian
esaten da mirari
askoren aurrian;
bañan gizatxarraren
biyotz gogorrian,
eta harro doilorren
zentzu laburrian,
haunditasuna dago
eskumuturrian.

Asko aurreratu da
bañan zertarako,
ez bada nahitasunik
elkarrenganako?
Hatzaparrak dabiltza
bihurturik kako,
bestientzat bezela
Euskal Herrirako…
Ez degu arrazoyik
gutxi geralako.

Gutxi! Ju, ju! Eztakit…
Hala ote gera,
begiratubagatik
askok goitik behera?
Gu ez guaz beinere
besteren kaltera,
ta zeinek daki nola
gintezken atera,
bilduko baginake
zazpiyak batera?

Haundiyak izan arren
euskaldunak neurriz,
nekatubak gauzkate
gauza lotsagarriz.
Munduban garbiyenak
gu gera jatorriz;
anaiak, poz gaitezen
sartu ginan herriz,
agurtutzen zaituztet
denak Urteberriz.

Habanera

Berriro itzuliko balitz
iragan denbora arrotza
berdin kontsumi nezake
banilla gozo artean;
itsaso urrun batetan,
irudimena galdurik
udaberriko euritan
larrosak pizten ikusiz.

Osaba komertzianterik
ez nuen izan Habanan,
pianorik ez zegoen
bizi nintzen etxe hartan,
neskatxen puntilla finak
udako arratsaldetan,
errosario santua
neguko gela hotzean.

Ezpainek gordetzen dute
ezpain bustien gustoa
desiozko hotzikaran
etsipenaren tamalez;
gaua zelatan dakusat
kontzientzia bilutsik
badoaz ordu geldiak
gogorapenen hegalez.

Jaio ginen, bizi gera
ez dugu ezer eskatzen;
itsasontzia astiro
kaiatik ari da urruntzen.
Antillak zintzilik daude
argazkien paretetan,
karta bat idatziko dut
norbaitek erantzun dezan.

Tabako, ron ta kanelaz
sukartutako ametsetan,
algarak entzuten ziren
Habanako putetxetan,
habanikodun mulatak
gauari haize egiten
musiken aide nagiek
odola erretzen zuten.

Jaio ginen, bizi gera
ez dugu ezer eskatzen;
itsasontzia astiro
kaiatik ari da urruntzen.
Antillak zintzilik daude
argazkien paretetan
karta bat idatziko dut
norbaitek erantzun dezan

Ia guriak egin du

Ia guriak egin du,
badegu zeinek agindu.
Ez oraindik umildu,
alkarrengana bildu;
gerra nahi duen guzia,
berari kendu bizia.

Okasiua prestatzen,
lotan daudenak esnatzen;
etzait neri gustatzen
malizian jostatzen
inorekin ibiltzia;
hark merezi du hiltzia.

Gerraren bila gau t’egun
etsaiak harturik lagun;
arrazoi ote degun
edo zer datorkigun
hasitzerako pentsatu
fusilak nola dantzatu.

Ez naiz ni gerraren zale,
baizik pakearen alde:
zeinek nahi duen galde,
berari tira, dale,
bala bat sartu buruan…
aspertuko da orduan.

Umildadian alkarri
errespetua ekarri;
lege eder bat jarri,
bizi gaitezen garbi…
Hori deseo nuke nik,
isuri gabe odolik!

Gaitzak gerade umiltzen
eta pakean unitzen;
ez da errez ibiltzen
anaiak alkar hiltzen
zer dan entenditu gabe…
hortan galduko gerade.

Gu gera hiru probintzi.
Lehengo legerik ez utzi…
Hoieri firme eutsi,
nahiz hanka bana hautsi…
Jaioko dira berriak!
Gu gera Euskal Herriak!

Alabes eta bizkaino,
gu gera gipuzkoano.
Aitak hil ziran baino,
semeak oraindaino
legeak degu guardatu…
letra zaharrik ez ukatu.

Ikusten duzu goizean

Ikusten duzu goizean
argia hasten denean,
menditto baten gainean:
etxe ttipitto aintzin xuri bat,
lau haitz-ondoren erdian,
txakur txuri bat atean,
iturriño bat aldean?
Han bizi naiz ni bakean.

Nahiz ez den gaztelua,
maite dut nik sorlekua,
aiten aitek hautatua.
Etxetik kanpo zait iduritzen
nonbeit naizela galdua.
Nola han bainaiz sortua,
han utziko dut mundua,
galtzen ez badut zentzua.

Etxean ditut nereak,
akilo, aitzur, goldeak,
uztarri eta hedeak;
ihazko bihiez, ditut oraino
zoko guziak beteak;
nola iragan urteak
emaiten badu bertzeak
ez gaitu hilen goseak.

Landako hirur behiak,
esnez hanpatu ditiak,
ahaxe eta ergiak,
bi idi handi, kopeta zuri,
bizkar beltz, adar handiak,
zikiro, bildots guriak,
ahuntzak eta ardiak,
nereak dira guziak.

Ez da munduan gizonik,
erregerik ez printzerik,
ni bezain urusa denik;
badut andrea, badut semea,
badut alaba ere nik,
osasun ona batetik,
ontasun aski bestetik…
Zer behar dut gehiago nik?

Goizean hasiz lanean,
arratsa heldu denean,
nagusi naiz mahaiean;
giristino bat ona dut hartu
nik emaztea hartzean;
ez dut mehe egunean,
sartuko uste gabean
xingar hezurrik heltzean.

Piarres ene semea,
nahiz oraino gaztea,
da mutiko bat ernea:
goizean goizik bazken erdira
badarama artaldea,
segituz ene bidea,
nola baitu egitea,
ez du galduko etxea.

Ene alaba Kattalin,
bere hamaika urtekin,
ongi doa amarekin;
begiak ditu amak bezala,
zeru zola bezin urdin;
uste dut denborarekin,
oraiko itxurarekin,
andre on bat diot egin.

Ez degu behar lurrean,
errez bizirik etxean,
utzi laguna gosean;
ez du beharrak sekula jotzen
gure etxeko atean,
non ez duen mahaiean,
otoruntza ordua denean,
leku bat gure aldean.

Nere andrea Maria
ez da andre bat handa,
bainan emazte garbia;
irri batentzat badut etxean
nik behar dudan guzia;
galdegiten dut grazia,
dudan bezala hasia,
akabatzeko bizia.

Itsaso hori dago zatarra

Gaia: hi naufrago bat haiz itsasoaren erdian, ohol baten gainean;
badator itsasontzi bat, ikusten hau, eta aurrera segitzen du.

Itxaso hori dago zatarra,
nire oihua eta negarra,
untzi oihua eta negarra,
untzi bat horra nun azaltzen den
nik behar nuen izarra. (bir)
Oraintxe sartu zait harra
berriz piztutzeko garra,
baina hau da zori txarra,
ikusi naute aurrean eta
ai hau destino baldarra;
laguna ondotik pasatu eta
nik hemen ito beharra. (bir)

Une honetan ez dago errez
hemen jartzea oso haserrez,
itxasoaren erdian nago
laguntza horren beharrez. (bir)
Untzi bat hor daukat aurrez,
lehenengo hasi naiz negarrez,
ta azkenean didarrez.
Nora zoazte hemen utzita,
nora zuen gizalegez?
Bihotz apurrik hor baldin bada
salbatu, otoi mesedez. (bir)

Urak bete dit ia sabela,
ito zorian nago honela,
untzi haundi bat pasatzen eta
niri ukatu batela. (bir)
Hau da hilaren eskela,
edo zer esan bestela.
Hori da bihotz ustela!
Biziagatik oso gustora
galduko nuke txapela;
baina munduak hor jakingo du
kriminalak zeratela! (bir)

Joana Bixenta Olabe

(Juana Bixentak)
Nagusi jauna, hauxen da lana,
amak bidaltzen nau
berorrengana.

(Nagusi Jaunak)
Ai, bidalduko bazinduke maiz!
zu ikusita konsolatzen naiz.
Sinista zazu:
oso zoraturikan naukazu!
Horren polita nola zera zu?

(Juana Bixentak)
Amak esan dit, etxeko errenta
pagatzeko dirurik ez zuen ta,
ia egingo dion mesere,
hilabetian gehienaz ere,
itxoitia;
bada zierto dala ematia
pasa baino lehen hilabetia.

(Nagusi Jaunak)
Logratutzia, errex halare,
nahiz hori ta beste zernahi gauza’re,
seguru dala esan amari,
zu baldin bazatoz mandatari:
dudarik gabe,
nere borondatiaren jabe
zu zera, Juana Bixenta Olabe.

(Juana Bixentak)
Beraz bertatik nua etxera
poz haundi bat amari ematera;
orain adio, nagusi jauna,
presaka juan biat amagana.

(Nagusi Jaunak)
Ez zuazela:
portatu zaite nik nahi bezela,
gaur etxera juan ez zaitezela.

(Nagusi Jaunak)
Zuen etxia dago urruti,
bidian zer gerta izan bildurti;
bada ia pasa da eguna,
arratsa berriz dator iluna;
orain juatia
txartzat eduki, nere maitia,
gaur hemen bertan gera zaitia.

(Nagusi Jaunak)
Ez juan etxera, bide hoietan,
gauaz, bakarrik eta ilunbetan;
kontura erori zaitia zu:
gauaz ilunbian juan biazu
peligro haundiz,
eta hobe dezu ehun aldiz
bihar goizian juan egun argiz.

(Juana Bixentak)
Ezetz etsia egon liteke,
ni hemen gelditu ezin niteke;
amak espero nau gauerako,
eta hark espero nauelako,
jun behar det nik;
alaba ikusi bagetanik
amak izango ez luke onik.

(Nagusi Jaunak)
Hemen zuretzat dira parako
jaki txit goxuak afaitarako;
eraria berriz -Jaungoikua!-,
hilak piztutzeko modukua:
ardo ardua,
ontzen urtietan egondua,
Malagatikan da bidaldua.

(Juana Bixentak)
Jauna, berorrek, baina alferrik,
badaki armatzen lazo ederrik;
lazua ehiz gabe gera dedin,
nere etxian nahi ditut egin
afaldu ta lo;
nahiago ditut hango bi talo,
ta ez hemengo mila erregela.

(Nagusi Jaunak)
Bihotz nereko dama polita,
asmoz muda zaite, hauxen tori ta:
hamasei duroko urre fina,
sendatu nahi zazun nere mina.

(Juana Bixentak)
Ez, jauna, ez, ez!
Merezi bezin kopeta beltzez,
esango diot ezetz eta ezetz!

(Nagusi Jaunak)
Gainera berriz, Juana Bixenta,
utziko dizuet etxeko errenta:
kito zor didazuten guzia,
kunplitzen banazu kutizia.

(Juana Bixentak)
Lotsa gogorra!
Sufritzen dago gaur nere onra,
penaz malkuak darizkit, horra!

(Nagusi Jaunak)
Nik ditut kulpak, ez egin negar,
horlakorik ez nizun esan bihar;
animan sentitutzen det mina
zuri ofensa hori egina.
Maldiziua!
Ez dakit nun nekan juiziua,
eskatzen dizut barkaziua!

(Juana Bixentak)
Barkaziua du ta eskatu,
nere bihotz onak ezin ukatu:
erakutsi ditalako, jauna,
gaitz eginaren damutasuna,
konforme nago:
ez egin ta ofensa gehiago,
gaurkua oso ahaztutzat dago.

(Nagusi Jaunak)
Berriz nik egin zuri ofensa?
Arren horlakorik ez bada pentsa!!
Zaukazkit neskatxa fin batetzat,
eta gusto haundiz emaztetzat
hartuko zaitut;
bihotzetikan esaten dizut
zuretzat ona baderizkizut.

(Juana Bixentak)
Hori egiaz baldin badio,
neregana egon liteke fio;
bainan usatuaz kortesia,
ama neriari lizentzia
eska bezaio.

(Nagusi Jaunak)
Hori gustora egingo zaio,
bihar goizian juango natzaio.

(Juana Bixentak)
Banua orain.

(Nagusi Jaunak)
Atoz honuntza
biderako hartu zazu laguntza.
Asi zazu, morroi Joxe Juakin:
etxera farolan argiakin
aingeru honi
gaur zuk laguntzia da komeni,
kezketan egon ez nadien ni.

(Morroiak)
Aingeru hari lagundu eta
horra, jauna, egin ostera buelta;
bidian, bai, bildurtxo zan bera,
bainan ailegatuta etxera
kontentu zegon;
orain kezketan ez du zer egon,
oihera jua eta pasatu gau on.

Heldu zanian hurrengo goiza,
nagusiak zuen kunplitu hitza:
juan zitzaion amari etxera;
amak txit firme
hartu ta gero mila informe,
gelditu ziran biak konforme.

Handik zortzi bat egunetara,
edo hamar ziran ez dakit bada;
ez, hamar ezin zitezken izan,
handik zortzi egunera elizan
ezkondu ziran;
ezkondu ta etxera segiran,
jendia franko bazuten jiran.

Bost hilabete edo sei hontan
ez dirade beti egon lotan:
eman dute zenbait jira-bira
eta gozatutzen bizi dira
ditxak ausarki;
hobeto ezin litezke arki,
espero dute haurtxo bat aurki.

Dama gaztiak, ez egon lotan,
begira zaitezte ispilu hontan:
gustatuta birtute ederra,
andretzat hartu bere maizterra
du nagusiak;

horla irabazteko graziak
saia zaitezte beste guziak.

Josetxo Olaberriko

Kontxesiri

Maite bat maitatzen det
maitagarria,
begi ederra du ta guztiz argia.
Daukat urruti,
bainan ezin kendu det burutik
haren itxura.
Saldu ahal baliteke pisura.
urrearen truke
nork erosi faltako ez luke! (bir)

Hogeita lau leguaz nago aparte,
bitartean badaukat milioi bat ate,
guztiak itxirik.
Nahi arren ez egon isilik;
beti negarrez,
nere maite maitearen galdez,
ote dan bizi
bihotz bihotzeko nere Kontxesi! (bir)

Egunaz argi gutxi, gauean ilun,
kontsuelorik ez da neretzat inun
maitea gabe.
Egin ote nadin haren jabe
oroitutzean,
zenbat pena nere bihotzean
ditut igaro!
Maite det, eta ez da milagro!(bir)

Ai! Hau bakardadea eta tristura!
Nere bihotz gaixoa ezin piztu da;
Hain dago hila!
Beti dabil kontsuelo bila
bere artean;
banengo maitearen aldean,
ordutxo biko…
Pena guztiak lirake hilko!(bir)

Nere maitea, zutzaz ni oroitzen naiz,
egunaz, baita ere gauean txit maiz,
lotan ere bai.
Zu ikusitzera ni joan naiz;
libre banengo;
hor nitzake egun bigarrengo;
nahiz orduan hil,
ez nuke izango batere min. (bir)

Lehengo gau batean egin det amets,
bainan pentsamensua beti aldrebes
irtetzen dira;
ustez nengoen zuri begira,
maite polita,
kofrearen gainean jarrita
kontu kontari…
nahi nuen, baina ez nintzen ari. (bir)

Maite nerea daukat beti gogoan:
Ai, orain banengo ni aren alboan
inoiz bezala!
Jaunak amets hau kunpli dezala,
Balitz konbeni;
Kontsueloz hilko nintzake ni,
nere ustean,
Maitetxoaren bihotza ikustean. (bir)

Nere maite polita, ez da zer etsi;
bigar ez bada ere, hor nauzu etzi
lehengo lekuan,
ailegatutzen naizen orduan,
ai, ura poza!
Nere maite-maitetxo bihotza,
zuri begira,
pena guztiak ahaztuko dira. (bir)

Zure gauza polit bat hor det nerekin,
izkribaturik dago letra birekin:
K eta B dira;
askotan nago hoiei begira;
Hain dira piñak!
Maitetxo polita, zuk eginak
sedaz ederki,
kolkuan gorderik dauzkat beti. (bir)

Esperantzetan bizi, maite gozoa.
Noizpait kunplituko da gure plazoa.
Eta orduan…
Gauza txarrik ez hartu buruan,
lehengoai utzi:
ez degu pasatzen pena gutxi
preso sei urtez;
onduko gaituzte, nere ustez. (bir)

Leiho ertzetik

Lehio ertzetik entzun dezaket
itsasoaren indarra,
olatu pila, nola lehertzen dan
braust eta braust barra-barra,
pentsatze hutsak begietara
ekartzen didan negarra,
momentu triste xamarra,
eskegi nuen txamarra, (bir)
ni bezelako gizon batentzat
ez ote da zoritxarra,
itsasoa hain urbil izan da
ohean egon beharra. (bir)

Sentimenduak loratzen zaizkit
itsas ontzien irteeran,
arraiz beteta datozenean
bapore hoien sarreran,
ez dakit ziur nere barruko
grina normala ote dan,
ez naiz aurkitzen primeran,
bertan nahiago aukeran, (bir)
hementxe nago itsas zabala
begiz ikusteko eran,
zenbat gorroto nuen lehen eta
orain zenbat maite dedan! (bir)

Itsas barrura murgildu nitzen
orduen nitzen mutiko,
lanaren martxa sekula santan
ez izan arren graziko,
itsasoaren kontra hizketan
ez nitzateke hasiko,
larogei urte ta piko,
ta nahiz ez nagoen tinko, (bir)
itsaso hori be(g)iratu soilez
ez det inola etsiko,
nere eskutan baldin badago
ni ez naiz ohean hilko. (bir)

Maitasuna da bizi izateko

Gaia: Zure emazteak maitale bat duela jakin duzu.
Emazteari ezer esan gabe, maitaleari bixita egitea erabaki duzu.

Maitasuna da bizi izateko
ardatz eta oinarria,
jakin dedanez hark ba omen du
orain maitale berria,
nik ez nekien, jakinen gainen
omen zegoen herria;
garai batean irria,
orain malko iturria. (bir)
Ezkondu eta ase nahi nuen
maitasunan egarria,
orain horrela egon beharra
bai dala penagarria! (bir)

Garai baten ezkontzea zan
nere gogo ta desira,
laino zakarrek estali dute
begietako dirdira,
aldi berean arantz zorrotzak
sartu bihotzean erdira,
orain hor dedan erida,
areagotzen ari da. (bir)
Garai bateko ilusioak
hutsaren amildegira,
senarra engainatzen dutenak
oraindik ere badira. (bir)

Ez nuen uste nigana heltzea
holako trantze zorrotzik,
nere emazteak orain ez dauka
garai bateko bihotzik,
uztartu eta nik ez det izan
espero nuen emaitzik;
ez daukat bat  ere pozik
eta nago ondoezik. (bir)
Une hauetan ez det deseo
beste inolako gauzik,
ni baino gehio maitatzen badu
ondo bizitzea baizik. (bir)

Modari kantatuak

Gaia: Mattinek Donostian moda-denda bat jarri du.

Modaren esplikatzen
behar dut nik hasi, (bir)
gazte maiteak hori
behauzue ikusi;
oraingo moda hori
ez baita itsusi,
modan emanak ditut
arropa ta guzi,
gaztiek orain modan
behar dute bizi. (bir)

Moda gustagarria
gazte horietan, (bir)
dendarat heldu zaizkit
denak lorietan;
pintur urdina eman
behar begietan,
eta luzetasuna
bada ilietan,
neska gehienak berriz
ezpain gorrietan. (bir)

Gaztien gustokoa da
beti moda berri, (bir)
moda segitzen dut nik
berdin arropari;
pulitagoa dela
neri zaut iduri,
aski duzue beiratzea
neska gaztieri.
Zoinen pulitak diran
ixterrak ageri. (bir)

Txirrita eta Pello Errota

(Txirritak)
Errespetatu biharko degu
maisu honen hitz argiya,
agintari bat etorri zaigu
leguna eta garbiya;
nahi dun guziyak ez du izaten
honelako goardiya,
Zeruko Aita eskatzen dizut
entendimendu garbiya.

(Pello Errotak)
Astiasutik gaur etorri naiz
automobiltxo batian,
Donostiyara bertsuetako
guztizko borondatian;
Inaziyo Sagasti (?) da kontra
ez daukat apartian,
zein gean hobenak probatutzera
bi Lasarteko partian.

Solferinoko itsua

Armen hartzera deitu ninduen
gazterik zorte etsaiak.
Urrundu nintzen herri alderat
itzuliz usu begiak. (bir)

Zorigaitzean baitut ikusi
Solferinoko hegia!
Alferrikan dut geroztik deitzen
Iguzkiaren argia. (bir)

Nihoiz enetzat ez da jeikiren
goizeko argi ederra,
zeru gainetik nihoiz enetzat
diztiraturen izarra. (bir)

Betiko gaua, gau lazgarria
begietara zait jautsi:
ene herria, ene lagunak
nihoiz ez behar ikusi. (bir)

Ene amaren begi samurrak
betiko zaizkit estali,
maiteñoaren begitarteak
behin betiko itzali. (bir)

Larrainetako haritz, gaztaina,
mendietako iturri,
horiek oro enetzat dire
amets histu bat iduri. (bir)

Ene herrian gazte lagunak
kantuz plazara doazi,
eta ni beltzik, etxe zokoan…
irri egiten ahantzi. (bir)

Oraino gazte, gogoz ez hoztu,
eta biziak lotsatzen…
Dohakabea! Zer eginen dut
Jaunak ez banu laguntzen. (bir)

Ai, aski hola! Jainkoa, barka,
begira zure haurrari,
kontsolamendu zerbeit emozu
noizbait duzun urrikari! (bir)

Txakur txiki gorritxo bat

Txakur txiki gorritxo bat
faltatu zait neri,
arras galdu zan eta
ez da inon ageri;
ez diot maldiziorik
bota nahi inori;
hartaz baliatu dena
ongi bizi bedi.

Manterola errotari
gizon abila da,
nere txakur txiki hori
hark berak hila da;
azeria duela
hor ibilia da,
zerbait bildu nahia badu
hark familiara.

Aiako herri noblea
pasatu orduko,
guztiok emanez gero
franko du bilduko;
gaztain edo arraultzak
txanpon eta kuarto,
aurtengo bastimentua
badauka zierto.

Manterolako errota
Elorditik behera
auzo legean edozein
ailegatzen gera;
lehendabizi etorri zait
neronen etxera,
gezurrezko paperekin
arraultzak biltzera.

Amoriomentean
dizut barkatuko,
ez dakit aurrera nola
zeran portatuko;
gure artean horrenbeste
balitz gertatuko,
ez ginake zu eta ni
zuzen dantzatuko.

Nere txakur txiki leial
salati klarua,
azeri koloreko
ilajez harrua;
harekin ibili danak
ona du garbua,
itsu aurreko balebil
a zer pajarua!

Txepetxa

Askotan esan izandu dute
gizon ikastun argiak,
nola piztiak izan litezken
gure erakuslariak:
erlia da bat aipatzen dana,
o zer lan harrigarriak
jartzen dituzten gure aurrian
honek eta txingurriak!

Txotx batek aisa jasoko luke
nola karga gutxi duan,
bainan gustatzen zaio jartzia
adar sendoxiaguan;
amilduarren ez leike galdu
dakielako heguan;
bainan arkitzen baldin bada ere
burnizko aldamiuan,
hiru lau aldiz xanpatutzen du
seguro ote daguan.

Euskal lurreko txorietan den
txikitxuena da bera,
gaztain kolore bakarrekua
nahi bada ez da ederra;
begi argiak, buru xanpala,
moko tentia aurrena,
gorputza motza, hanka laburrak,
xaltokako ibilera,
xalapartako hegalaria
eta kantari ergela.

Udaberrian lehendabiziko
kabia txepetxarena
azaldutzen da, ta ezaguna
goroldiozkua dena;
arbol gerrian, huntza tartian
du lekurik maitiena,
ta gizon askok ikusitzian
iritxpidian dagoena,
esan ohi dute:”Zer konfiantza
txori txar honek duena”.

Ta edozeinek esan lezake
berari begiratzean,
arretarikan ez daukala
egin leioken gaitzian;
ez idurikan, hark kabiari
beste zulua atzian
egiten dio handik juateko
aurrekua tapatzian,
erakutsiaz pentsatzen dula
nola atera sartzian.

Ume eder bat

Ume eder bat ikusi nuen
Donostiako kalean.
Hitz erditxo bat hari esan gabe,
nola pasako parean?
Gorputza zuen liraina eta
oinak zebiltzan aidean…
Politagorik ez det ikusi
nere begien aurrean.

Aingeru zuri paregabea,
Euskalerriko alaba,
usterik gabe zugana beti
nere bihotzak narama:
ikusi nahian beti hor nabil,
nere maitea, hau lana!
Zoraturikan hemen naukazu
beti pentsatzen zugana.

Galai gazteak galdetzen dute:
aingeru hori nun dago?
Nere maitea nola deitzen dan
ez du inortxok jakingo.
Ez berak ere, ez luke nahiko,
konfiantza horretan nago.
Amoriodun bihotz hoberik
Euskalerrian ez dago.

Zahartasuna eta gaztetasuna

Ene izpirituan
bazen zonbait pentsu,
oraino zen guzia
ez zerait hustu.
Otoi, egizazue
zertaz diren kasu,
esplikatuko ditut
ahal bezein justu:
zahar bainan prestu,
odola zaut hoztu,
bihotza ere laztu,
gorputza beraztu.
Oraino gazte banintz
banuke gostu!

Zahar-gazten arteko
hau da parabola:
xuxen esplikatzeko
ainitx gogor da.
gaztea ez daiteke
adin batez molda,
gorputza sendo eta
azkar du odola;
zaharra ez hola:
iragan denbora
etortzen gogora,
eta ezin kontsola.
Nekez bihurtzen daita
zahar arbola!

Egunak badoazi
egunen ondotik,
ez dira denak bardin
juaiten hargatik:
atzo iguzkia zen
dirdiran zerutik,
egun goibelak jalgi
itsaso aldetik;
euria ondotik,
hasi da gogotik
hedoien barnetik;
hortakotz badakit
erituko nizala
bustiz geroztik.

(…)

Huna gaztetasuna
zein den loriosa,
horri konparatzen du
gure arrosa.
Usain gozo ezti bat
kolorez airosa,
bere arropa ere
ainitz baliosa.
Zahar odol hotza,
nundik ez da lotsa?
Flako du bihotza,
baitaki hain untsa,
lur barnean duela
laster gorputza.