Sarrera

Hizkuntzaren erabilera ere molde jakinekoa izaten da narrazio hauetan, kontaeraren argitasuna eta erritmo atsegintsua, estrategikoki kokaturiko esamoldeen espresibitateaz, indarraz edo umoreaz, ironiaz eta are sarkasmoaz tindatzen dituelarik inoiz.

Narrazioaren erritmoak garrantzia berezia du ahozko kontakizunetan. Hala, kontatu beharrekoa labur, arin eta argi esatea jokamolde usuena. Deskripzio bakanak eta akzioaren berri emateak hartzen du lehentasuna. Ekintza ekintzaren gainean pilatu ez dadin, zenbait baliabide baditu ahozko kontalariak. Sail honetan aipatuko ditugu horietako batzuk.
Ezaugarri morfosintaktikoak

1-Elipsiak

Axola duten ekintzak soilik kontatzeko joeraz gain, esaldiaren subjektu eta aditzen elipsiak ugari erabiltzen dira, bizi-bizi ikusarazteko gertaturikoak:

“Itxera jon-ta, azinda-gobernua inta, apalduta, lotara.
Gaberdiyan, Santa Krutz, kuadrillakin, ate-joka. (Kortxo zekarten prisionero). Arratseko amabiyak ziran.
-Semia non da?
-Oyian.
-Jeikitzeko.
-Zer ba?
-Soldaro. Orain denak soldaro giazek.
-Bueno…
Amak negar piska bat. Attak: “Zer ingo dugu, ba?.
Ni bodatara bezela, pozik.”
“Santa Kruzen mutillak”, Manuel Lekuonak bildua. 

 

Elkarrizketak narrazioarekin josteko modu arin-arina egiten da, nork zer esan duen eta “esan zuen”, “erantzun zuen” eta antzeko aditz iragarleak ere isilean utziz. Batzuetan gorabeherak modu oso laburtuan ematen dira.

“Aitak hala galdetu zion ohetik:
– Zer berri dakarkik?
– Hau eta hau eta hau pasatzen da eta ea berorrek nahiko duen.
Hori aditzean gure aitak ras! Ohetik saltatu, galtzak jantzi eta bideari ekin zion.”
Mikela Elizegi 


2-Aditzaren denbora eta aspektua

Aditzaren denboren eta aspektuaren aldakuntzez baliatzen da erritmo bizia eransteko: iraganean kontatzen ari delarik, bat-batean orainaldira pasatzen da, edota bat-batean interjekzio eran hitano era sartzen da.

“Gu, Basarri ta biok, batera joango giñan alde ontatik Basarriren kotxean, eta an alkartu Uztapide eta Lazkao-Txikirekin, laurok kantatzekotan itz emanda geunden bezela. Ta goizean goiz antzean irten emendik eta Ordizira iritxi. Kotxea kale-baztarrean utzi ta an goaz Gau-txorira zuzenean. Sartu gera barrura, konturatu da nagusi Joakin, alkarri esku eman diogu ta segituan agindu zigun exeritzeko maaian lasai, ta andreari deitu zion.”

Manuel Lasarte 

 

“Alako batean, ras! Besoa askatuta, ekiten dio lasterrari, ta atzeko atetik ihesi egin zun”.

Santa Cruz apaiza

Aditzaren aspektu eta denboraren aldakuntzez testuari erritmo efektua ematen zaio izan ere, aldaketa bereziki une dramatikoki interesgarrienetan kokatzen baita, askotan ekintza nagusia egitekoa, hitz garrantzitsuak entzutekoa, eta abar heltzeko diren unean. Baliabide morfosintaktiko honen erabilera ahozko kontagintza osoan aurki dezakegu, bai bertsozkoetan (Bereterretxeren kantorian) nahiz elezahar eta ipuinetan, esate baterako, Hiru malestudiantiena deritzanean, (fraide xaharrarekin hitz egin eta gero deabruek aitorpenak entzutera joandako pasartea).

3-Sintaxi lokailuak

JUSTAPOSIZIOA. Ahozko kontagintzan esana dugunez, elipsirako joerak indar handia du eta lokailuei ere eragiten die fenomeno honek. Testuari koherentzia eta lokera lojikoa emango dioten lokailuak oso bakanak izaten dira, batzuetan ahozko kontagintzan.Estiloak aldatu egiten dira ordea, estiloa biografikoa denean, askotan esaldiak bata bestearen ondoan jarrita soilik agertzen zaizkigu justaposizio soilaz elkarturik. Adibiderik zorrotzena, Lekuonak jasotako karlista oiartzuarrek oroitzapenei dagokiena dugu:
“Itxera jon-ta, azinda-gobernua inta, apalduta, lotara.
Gaberdiyan, Santa Krutz, kuadrillakin, ate-joka. (Kortxo zekarten prisionero). Arratseko amabiyak ziran.
-Semia non da?
-Oyian.
-Jeikitzeko.
-Zer ba?
-Soldaro. Orain denak soldaro giazek.
-Bueno…
Amak negar piska bat. Attak: “Zer ingo dugu, ba?.
Ni bodatara bezela, pozik.”

“Santa Kruzen mutillak”, Manuel Lekuonak bildua. 


Ipuin kontalarien artean ere, hauxe izaten da ohikoena. Kontalariek gertakariak eta esanak elkarri lotzeko lokailu gutxi erabiltzen dituzte eta honen eredu izan daiteke ipuinen artean sailkaturiko Artzatekoaren narrazioa.

ASINDETONA

Beste batzuetan, aldiz, kontalariak, arrazoiak edo ekintzak pilatu egiten ditu bata bestearen ondoren, eta haiek lotzeko “eta” lokailuaz baliatzen da etengabe, erretorikan asindeton baliabide morfosintaktikoaz baliatuz. Hiru malestudiantienaren kontalaria etengabe baliatzen da “(e)ta” edo haren aldaki fonetikoez.

Jasotako ahozko narrazioetan oso arrunta den arren, euskaldunon oroimenean kontagintza honen ezaugarri nabarmentzat dugun asindeton hau ipuin bildumetan, narrazio idatzietan gutxitu egiten da, agian estilo arruntegia edo astunegia iritzi zaiolarik. Manuel Lasarteren testuetan antzeman daiteke, ohiturazko kontamoldearen ezaugarri honen arrasto zenbait:

“Gu, Basarri ta biok, batera joango giñan alde ontatik Basarriren kotxean, eta an alkartu Uztapide eta Lazkao-Txikirekin, laurok kantatzekotan itz emanda geunden bezela. Ta goizean goiz antzean irten emendik eta Ordizira iritxi. Kotxea kale-baztarrean utzi ta an goaz Gau-txorira zuzenean. Sartu gera barrura, konturatu da nagusi Joakin, alkarri esku eman diogu ta segituan agindu zigun exeritzeko maaian lasai, ta andreari deitu zion.”

Manuel Lasarte 


Dramatizazioa

1.- Elkarrizketa eta narrazioa

Ahozko kontagintzan zati narratuetan elkarrizketak gertatzen direneko eszenak tartekatzen dira. Elkarrizketa horiek ez dute soberako betegarririk edo zertzeladarik ematen. Zehatz-zehatz harira joaten dira labur eta ahalik eta indar gehienaz, modurik adierazkorrenean jasoz pertsonaien izaera eta jarrera adierazten duen hitzak.
Elkarrizketak narrazioarekin josteko modu arin-arina egiten da, nork zer esan duen eta “esan zuen”, “erantzun zuen” eta antzeko aditz iragarleak ere isilean utziz. Batzuetan gorabeherak modu oso laburtuan ematen dira. Mikaela Elizegik bere anaiaren ezkontzarenak kontatzen ari dela, andregaiaren etxetik gauez heldu zela aitarekin izandako elkarrizketa jasotzen da:

“Aitak hala galdetu zion ohetik:
– Zer berri dakarkik?
– Hau eta hau eta hau pasatzen da eta ea berorrek nahiko duen.
Hori aditzean gure aitak, ras! Ohetik saltatu, galtzak jantzi eta bideari ekin zion.”

Mikela Elizegi 


2.- Onomatopeiak eta interjekzioak

Elkarrizketetan protagonistek eta esandako hitzez osaturiko eszena dramatikoez gain badira narrazioaren interesa pizteko erabiltzen diren beste bizigarri zenbait, esaterako, onomatopeiak eta interjekzioak. Akzioaren bat-batekotasuna eta pertsonaiaren izaera erabakitua ematen du aditzera, beste gabe, “ras! Ohetik saltatu..” onomatopeia tipifikatuak. Santa Kruz apaizarenak kontatzeko Orixek ere erabili zuen, haren ihesaldietako bat kontatzeko:

“Alako batean, ras! Besoa askatuta, ekiten dio lasterrari, ta atzeko atetik ihesi egin zun”.
Santa Cruz apaiza

3.- Galdera erretorikoak

Galdera erretorikoek, berriz, egileari entzulearen arreta erakartzea eta arrazoinamendua ernetzea dute helburutzat, eta suspentsea sortzeko ere balio diote:

“Baina orduan medikua ekartzea pentsatu zuten gurasoek. Bi mediku etorri ziren, eta salutatorearen handitasuna ezin eramanik, alegia gaiztorakoak hark kentzea, hark hainbeste birtute izatea, zer egin dute?
Nere ama bialdu zuten Billabonara errezeta egin eta botikaren eske.”

Mikaela Elizegi


Manuel Lasartek
Lazkao-Txikiren heriotzako orduak kontatzen ari dela, galdera erretorikoek desesperoa ematen dute aditzera, protagonistak UVIko kristaldegiaren atzean ikusten duen lagun minaren azken egunetan dituen sentimenduei irtenbidea ematen diote.

“-Joxe Migel!- deitu genion iru edo lau aldiz. Alperrik ordea. Etzigun ezer erantzun: eta andik aurrera, joan nintzan guztietan, leiatillatik begiratzen nion, zearo bildurturik.
Ura al zan, ba, pertsonaren egoera? Nork ez etsi, aren arnas-otsak entzunik? Negargurea ta tristura sentitzen nituen nik behintzat, eta beste geiagok ere bai noski. Ez dakigu asko bakoitzak nolako bukaera daukagun.”

Manuel Lasarte


Adierazkortasuna

Esana dugunez, ahozko kontalariaren ezaugarri da neutraltasunik eza. Kontalariak bera denean protagonista, bere hurbilekoak direnean edo nolabait sinpatia dion norbaiten gorabeherak azaltzerakoan, emozioak adierazten ditu, eta emozio horiek aditzera emateko balio diote interjekzioek eta esaldi esklamatiboak.

Mikaela Elizegik arrabiak jotako haur baten herio lazgarria kontatzen duenean, bere emozioa ematen du aditzera “Jesus” interjekzioaren bidez:

“Bueno kutxare handia bete emateko esan ziguten eta txikia bete emango zionagu. Eta hala txikia bete emanda, Jesus! Dena handitu eta deiadarrez, martiri egon zen neska gizarajoa, ezin hilik”

Mikaela Elizegi


Esklamazioek helburu bera dute, kotalariaren iritziak eta jarrerak aditzera ematea. Mikelak berak, neska gaztea zela, festarakoan soinekoa zikindu zitzaiola kontatzen du eta ez du uste oraingo neska gazteak berak egin zuena egingo luketenik:

“-Ni orain honekin jantzita nola joango naun festara? -esan nuen, eta etxera joan eta amaren gona jantzita joan nintzen.
Oraingo neska gazteak joango lirateke!”

Mikaela Elizegi


Esaera eta atsotitzak, sarritan sentimendua eta iritzia adierazteko moldeak bihurtzen dira narratiban. Askotan gainera, bertsolarien ohituran bezala, honelako adierazmolde esaeratsuak edota atsotitzek testuaren edo pasartearen azken muturra hartzen dute. Sententzia moduan erabakita uzteko gertatuari buruzko bere jarrera:

Hala, Mikela Elizegik arrabiak jotako neskatxaren heriotzaren ondoren, haren senideek medikuaren aurka harturiko amorruaren alferrikakotasuna ematen du aditzera:

“Gure osabak esaten zuen ez zela kontu hura hola geratuko, baina medikuek tapatu zuten dena nolabait ere. Betikoa: pobrearen arrazoia, hutsa”

Mikaela Elizegi 


Manuel Lasartek
ere, gazte denborako bizimodua azaltzen duen pasartearen amaiera aldera ikuspegi aski etsikorra laburtzen du bertsolari bati dagokion moduan egitura paralelistiko dotoreaz amaitzen du:

“Garai aietan ordea, baserrietan aurrerapenak falta ziranez, askorentzako sortu oi zen lana, eta gutxirentzat zer jana. Ori horrela izanik, denbora ta etorkizuna biak batera alperrik galtzen zituen orduko gaztediak”
Manuel Lasarte

Umorea, ironia, ziria eta maleziaz bizkortzen dute sarritan kontalariek euren narrazioa, kontaturikoak eta gertaturikoak komentatzerakoan.

Orixek Santa Kruz apaizak hilarazitako apaiz jantziriko espioiak ez zirela garai hartan gutxi izaten aipatzen du, ziri eta guzti:

“Arrezkero, Europa-gerran ere baziran milaka ta milaka apaiz eta praile, ta ez konpesatzen aritzeko!”
Santa Cruz apaiza. Orixe

Manuel Lekuonak jasotako karlistaden kroniketako soldadu oiartzuarrek ere umorea bazuten, tiro kontuez arituta ere:

“Tiro mordoxka ein tzen. (Gure leenbizikuak aitxek).
Bikaiyuak guri: “Jotzea tiratzeunte pikaru oik”.
-Bai guk ere, jauna”.

“Santa Kruzen mutillak”.
Manuel Lekuonak bildua