Dena dela, bertsolaritza ez da Euskal Herrian soilik sortu den fenomenoa. Lehen eta orain, munduko herrialde askotan ezagutu den eta ezagutzen  den gertakaria da bat-bateko bertsolaritza. Aipagarriak dira, mundu zabalari begiratuz, Kubako dezimistak, Argentinako payadoreak, Errusia zaharreko kantari kosakoak, Eskandinaviako kantari repentistak, Portugalgo kantadoreak, Polinesia, Afrika, Mexiko, Britainia, Gales, Galizia, Andaluzia, Menorca eta besteetako inprobisatzaileak.

Historian atzera eginez, Biblian, eta Greziako eta Erromako literaturan ere agertzen zaizkigu bertso jardunaren aztarrenak.

Bertsolaritzaren antzinatasunari dagokionez, bertsolariak artzain giroan du bere kokalekua. Bertsolariak klasikoen aurreko mundu hura islatzen duela uste da. Literatura klasikoan ageri denez, artzainak apustuan aritzen ziren bat-bateko bertso saioak egiten. Hortik dator aspaldiko esaera: “bertsolaria: nekazari txarra, baina ez artzain txarra”.

Euskal Herrira itzuli eta bertako bertsolaritzari begiratzen bazaio, 1801era arte dena ilun ageri dela esaten digu Aita Zabalak: puska txiki batzuk baino ez dizkigu gorde  oroitzapen kolektiboak. Urtemuga horretatik honantz, ordea, bertsoari buruzko xehetasunak zuzenagoak dira eta ugariagoak. Ahozko tradizioa ez dator hain urrutitik, hots, gure aiton-amonen mundua jasotzen duenez, nahiko zehatza eta aberatsa da.

XIX. mendera arte euskaldunek izadiarekin zituzten harreman zuzenek eta elizatik jasotako mezuak garrantzia handia zuten. Horiek herriak buruan hartu ditu eta honela belaunaldiz belaunaldi ia Euskal Herri euskaldun osora hedatu da bertsolaritzaren tradizioa. Baserria, etxeko sukaldea, artazuriketa, herrietako azoka eta ganadua zaintzen pasatutako orduak… izan dira guganainoko eskailera osatu duten urratsak.

Horiek horrela, azken 200 urteetara gatoz izenez eta goitizenez ezagutzen ditugun ondoko bertsolari hauekin: Pernando Amezketarra, Juan Ignazio Iztueta, Txabalategi, Zabala, Pastor Izuela, Mardo, Etxahun, Otsalde, Bordel…