1.- Pedro Ignazio Barrutia (1682-1759)

Aramaion jaiotakoa izan arren, Pedro Ignazio Barrutia Arrasaten bizi eta bertako eskribaua izan zen. “Acto para la Nochebuena” edo “Gabonetako ikuskizuna” lehen aldiz R.M. Azkuek inprimarazi zuen, 1897. urtean. Bere garaian, ordea,  behin eta berriro erakutsi zen 1711tik 1759ra arte.

Eguberri giroko antzezlana da, eta alde batetik antzerki barrokoaren ezaugarriak ditu eta bestetik Erdi Aroko herri teatroarenak, biak nahasian.

Teatro klasikoaren arau nagusiak, hots, denbora, espazio eta tonu batasuna ez ditu errespetatzen. Belengo garaiak aktoa idatzi zen garaiko artzainenarekin eta Arrasateko giroarekin nahasian darabiltza eta bi garai eta espazioetako pertsonaiak aldi berean aurkezten ditu bakoitza bere mailako arazo eta ezaugarriekin, eta,  horregatik, aktoreek Belengo pertsonaiaren nortasuna eta XVIII. mendeko aktorearen benetako pertsonalitatea antzezten dituzte aldi berean.

Mitxelenak zioenez, ekintza nahiz pertsonaiak bikoitzak dira. Iragana eta oraina, sakratua eta profanoa, Belengoa eta Arrasatekoa gurutzatzen dira etengabe, baliabide trebe eta xehe baten bidez. Baliabide hori herri antzerkitik datorkio, helburu didaktikoa du eta beti gai barregarriez baliatuz lortzen da.

Bestalde, antzerki barrokoan izaten ziren zenbait pertsonaiari bidea zabaldu zien, hala nola, gracioso edo barregarriarena egiten duen pertsonaiari.

Bertsoz idatzia dago eta gaztelania eta euskara, biak darabiltza. “Belengo misterio”ko giro sakratuaren testuinguruan, bekatarien salbazioaz mintzo da giro barregarri eta komikoan, zenbaitetan tragedia ere nahastuz. Bizitasun handia ematen diote, bestalde, denboratik eta akziotik nolabait kanpo dauden pertsonaiek, graciosoaren eta Mari Gabonen arteko berriketek, esaterako.

Euskaraz sortua bada ere, garai hartan Espainian egiten ziren hainbat pieza eredutzat hartu zituela uste da, izan ere, Gomez Manriqueren edo Gil Vicenteren Eguberrietako Autoak bezalatsu moldatuta dago: misterioaren argudioa beti berdina da, baina egileak nahierara asma ditzake ostatuari eta artzainen adorazioari buruzko gorabehera eta gertakizunak.

J. A. Lakarrak dioenez, drama erlijioso erromanikoetan ohi den modukoa da pertsonaien karakterizazioa: Belengo pertsonaiek jarrera hieratikoa dute, deabruek, ostera, aktuazio eta mintzaira groteskoa.

J. Juaristik, berebat I. Sarasolak, originalitate maila aitortzen diote espazio eta denbora bikoiztasunari dagokion horretan lortzen duen konplexutasuna eta dinamika dela medio. Ekintza dramatikoak espontaneitatea eta freskotasuna du eta mintzaira benetan lotsagabe lotzen zaio errealismoari eta ingenuitateari.

2.- Xabier Maria Munibe, Peñafloridako Kondea (1723-1785)

Frantzisko Xabier Maria Munibe Idiakez, Peñafloridako kondea izan zen eta Azkoitiko aitoren seme. Loiolako jesuitetan egin zituen ikasketak; hamalau urte zituela Frantziako Tolosako Aitoren Semeen Ikastegira joan zen eta han osatu zuen bere formazio intelektuala eta zientifikoa. Hogei urte zituela itzuli zen Azkoitira. Ilustrazioaren garaian bizi izan zen. Bere herrian sorturiko Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko kidea eta sustatzailea izan zen Manuel Ignazio Altuna eta Joakin Egia Agirre, Narrosko markesarekin batean.

Antzerki sailean egin zituen lanen artean bi dira aipagarri:

“El borracho burlado” (Bergara, 1762) eta “Gabon-sariak”. Lehenbizikoa opera barregarria da, bertsotan abesteko egina, eta nahasita darabiltza euskarazko eta erdarazko pasarteak. Elkarrizketak gaztelaniaz idatzita daude; zati kantatuak soilik daude euskaraz, gizarte maila apalekoen ahotan.

Antzerki neoklasikotzat sailkatzen da hiru unitateen arauari men egiten diolako, hots, denbora, espazio eta ekintza batasunari eusten diolako, batetik, eta bertako pertsonaien artean aitoren semeek herri xehearen hezitzaile izan behar dutela adierazten delako, bestetik.

Jon Juaristik trantsizio lantzat du halere, herri erako eszena ugari sartzen dituelako, gizarte diskretu eta egonkor baten irudi kostunbrista eskaintzen duelako, eta emazteak egurtutako senarrarena bezalako eszenak integratzen dituelako, eta era berean antzerki barrokoarekin eta Tirso de Molinarenarekin parekotasunak nabaritzen direlako, bereziki “Los tres maridos burlados” antzerkiarekin.

Manchan datorren pasarte batean oinarrituriko antzerki pieza

Patri Urkizuk, aldiz, Miguel Cervantesen “Don Quijote de la Mancha”ko atal batek gai bera duela dio, hau da, “Sancho Panza en la Insula Barataria” gaitzat harturik frantsesez eginiko “Sancho Panza dans son îsle” delakoarena. 1762an erakutsi zen obra hau: mozkor bati eskarmentu bat eman nahi zaio bat-batean, derrepente, aberats eta ospe handiko bihurtu dela sinetsaraziz.

“Gabon-sariak” teatro antzera eginiko obra da eta herri kantekin osaturik dago. Kantak kopla eran moldatuta daude elizan antzezteko asmoz. Eguberri kanten tradizioan sartzen da obra hau.

3.- Sebastian Antonio Gandara

Egile honen bizitzaz eta lanaz ezer gutxi dakigu. Gernikan bizi zen apaiz honek baditu, gutxienez, hiru gabon-kanta. Lan horietatik bat, Guernicaco gabon-canta: muxhil ta vizcaitar baten artean, Madrilen 1764an konposatutako opereta da eta J. Ignacio Tellecheak aurkitu zuen, orain dela urte batzuk, Madrilgo Historia Errege Akademian. Bizkaieraz idatziriko eskuizkribu hori, Gandarak Aita Larramendiri bidalitako gutun baten zatia da.

Aita Larramendik eta Gandarak elkarri bidalitako gutunak argitaratu egin zituzten Tellecheak eta Manuel Lekuonak (Boletín de la Sociedad Vascongada de Amigos del País, 1966), eta bertan azken honek testuaren analisia egin zuen. Lekuonak dioenez, obra hori Peñafloridak egindakoen sail berean sartu behar da, hots, Elizan kantatzeko sortu ziren obren sailean, Misterioen (antzerki erlijiosoen) errepresentazioetan.

Obra hori bi lagunen arteko elkarrizketa da: horietako bat, Gandarak vizcaitar deitzen diona, euskaraz ondo moldatzen da; bestea, muxhil, euskaldun-berria da, eta trakets antzean hitz egiten du entzuleari barre eraginez. Lekuonak dioenez, obra horretan Gandarak, Barrutiak bere lanetan bezala, kaleko hizkera darabil; ez da, inondik inora, Peñafloridaren antzezlanetan agertzen den hizkuntza kultua.

Hala ere, Lekuonarentzat aipagarria da Gandarak erabiltzen duen errima aberatsa. Izan ere, ohiko errimekin batera bestelako errimak tartekatzen ditu zati berean, Xenpelarrek hainbat bertsotan (Iparragirreri eskainitako bertsoetan eta “Iya guriak egin du” izenekoetan) egin zuen moduan. Errima berri honek harridura ukitua ematen dio bertso osoari eta, horrela, entzulearen atsegingarri bihurtzen da. Horren adibide da, Gandararen bertso honetan, ukatu eta leku hitzek osatzen duten errima:

“Ah! Jente gangarra
Belen’go!
Guztiai zaldarra
urtengo!
Zuek ukatu
Virgiñi leku?
Zuentzat su-garra
hurrengo!”

 

Guernicaco gabon-canta:

Sarmen

1.            Auxe ze gabea!
1.           Zelanbere dan !

1.            Nik yakin-miñea
asko da esan
.
1.            Ekin bada, Muxilla:
nai etzaitut ixilla.

1.           Zeu lagun niri abia ,
               urtengo kantu guztia.
1.            Orrelan biz.

1.            Poz dot izan.
1.           Gakiozan .

1.           Ni zere aldiz .

Guztiak

                Galanto, eretxian,
orniduko da kantea .

Bakotxaren aldian
izango da euskerea
dagokien zorian.

2.            Aurra, maite,
                asi zaite.

I
Mux.

Juda’n bat huria
da Belen.
Ona etorria
zan Virgen,
assentetako ,
zerren zalako
Yose, yatorria
David’en.

Euskaritxua
Iñoh!
Gustiz alai
diño.
Onek nun-nai
ots-egin bear leuke
tantara-rai.

II
Bizk.

Ostatu-nayaz zen
Maria.
Alperrik zan Belen
andia.
Etzan aurkitu
nok an laketu
hari gela baten
grazia.

III
Mux.

Ah! Jente gangarra
Belen’go!
Guztioi zaldarra
urtengo .
Zuek ukatu
Birjiñi leku?
Zuentzat su garra
hurrengo!

IV
Bizk.

Sartu zan abere-
etxean.
Yose zala bere
aldean.
Bertan semea
Bakar berea
argira zan gure
onean
.

V
Mux.

Nok dau ez orretan
mirari?
Zienbat zor geutsan
Amari!
Antxe nik egon ,
mosu da emon
ointxu politean
Berari.

VI
Bizk.

Bizi direanak
lurretan,
baita dagozanak
goietan,
Andra txukuna
biotz-biguna!
Zeuri esker manak
milletan.

VII
Mux.

Ago, Deabrua
aserre:
Oraintxe burua
yak erre.
Agiñak naiko
zerratu
? Aiko!
emon zorroztua
nik zerre .

VIII
Bizk.

Birjiña, zeurorren
besoak
dira gozoaren-
gozoak.
Euretan sarri
Jaungoikoari
Zagoz eragiten
oahoak .

IX
Mux.

Esan da nik , Virgen,
guztia,
sekula, ta amen,
eztia
dala ber-bera
burutik-pera;
garbi dinot emen
egia.

X
Bizk.

Jaungoikoa, zeuxek
azia
izango, ez bestek,
Maria.
Azitzallea,
ide-bagea
,
dauko ugatz orrek
guria.

XI
Mux.

Ai! bekatariak
izan gu!
Zeure bitarteak
balidu
!
Gure Jabea:
gugatik, ea!
Zuk egin sotillak
erregu!

XII
Bizk.

Apaintzalleari
osaiak ;
enda Baltzola’ri
graziak .
Egin dan bihar
biraldu bear
yakaz Muxilla’ri
sariak
.

Oharra: Manuel Lekuonak egokitutako testua da hau, batez ere grafia aldetik.