Ezagutzen diren pastoral zaharrenak honako hauek dira, Patri Urkizuren iritziz:

1634 Saint Jacques
1712 Jeanne d’Arc
1750 Sainte Elisabethe

G. Hérelle-k bere garaian ezagutzen ziren 100 pastoralen sailkapen tematikoa egin zuen:

  • Testamentu zaharreko zikloa: Abraham, Jacob, Jose, Moises, Josue, Sanson, David, Job, Daniel, Judith eta Holofernes, Jeremias, eta Esther.
  • Testamentu Berrikoa eta Antzinako Elizaren zikloa: San Joan Bataiatzailea, Natibitatea, Seme galdua, San Pedro, San Andres, Santo Tomas, Santiago Nagusia, San Esteban, Neron, Santa Veronica, Jerusalemen suntsipena, Judu ibiltaria, San Klemente, eta Virgilio Aita Santua.
  • Santuen Bizitzei buruzko zikloa: San Zosimo, San Eustaquio, Santa Eufemia, San Justin, San Sebastian, Santa Margarita, Hiru Martiriak, Santa Agnes, Santa Luzia, Santa Engrazia, San Joan Guerin, Santa Cyr eta Santa Julita, Alejandro edo berrogei martiriak, San Julian Antioquiakoa, Santa Katalina, San Blas, San Antonio, San Abraham eremutarra, Santa Urtsula, San Alexis, San Jeronimo, San Joan Calybita, San Anastasio, San Bertrand de Commings, San Roke, Santa Elisabeth Portugalgoa eta San Claudien eta Santa Marsimisa edo Mustafa Turko Handia.
  • Antzinate profanoaren zikloa: Edipo eta Astiage.
  • Gerra giroko kantuen zikloa: Karlomagno, Aymonen lau semeak, Roland eta Jerusalem askatua edo Godefroy Bouillongoa.
  • Menturazko pastoralen zikloa: Roberto etsaia, Helena Konstantinoplakoa, Genoveva Bravantekoa, Pierre Probentzakoa, Jean Pariskoa, Zelestina Saboiakoa, Jean Calaiskoa, Kaxmirreko printzea eta Dorimena eta Osman printzea.
  • Alegietako historien zikloa: Clovis, Clotario, Maria Nafarroakoa, Thibaud Champagnekoa, San Luis, San Luisen semeak, Bajazet, Joane Arc-ekoa, Luis XI.a, Francisco I.a, Karlos V.a, Henry IV.a, Cartouche, Kouli-khan, Napoleon…
  • Orainaldikoak: 1950az geroztik pastoraletan ukitu diren gaiak aldatu egin dira: gai erlijiosoak gutxitu egin dira, baita Frantziako historiari buruzkoak ere. Egun, Euskal Herriko historiaz ari dira gehienak.

Etxahun, (1953)                          Harizpe, (1991)
Matalas, (1955)                           Xalbador, (1991)
Bereterretx, (1958)                     Santakruz, (1992)
Santxo Azkarra, (1963)              Agota, (1992)
Iruriko Kuntia, (1966)               Euskaldunak Iraultzan, (1993)
Txikito Kanbo, (1967)                San Mixel Garikoitz, (1994)
Santa Grazi, (1976)                     Agirre lehendakaria (1995)
Ibañeta, (1978)                            Sabino Arana, (1996)
Iparragirre, (1980)                 Herriko Semeak, (1998)
Pette Basaburu, (1982)              Madalena de Jauregiberri (2000)
Oihenart, (1985)                          Xiberoko Makia, (2001)
Abadia Urrustoi, (1986)             Etxahun Iruri, (2001)
Agosti Xaho, (1988)                    Urruti Jauregiko Peirot, (2002)
Zumalakarregi, (1989)

 

Pastoraletan ukitzen ziren gai historikoak eguneroko euskal errealitatetik urrunduak zeuden; heroiek ez zuten konplexutasun psikologikorik eta aitoren semeen etorkiari zegozkion dohainak zituzten: sakrifikatzeko nahiz desafiatzeko ausardia eta sentimendua,  eskuzabaltasuna…

Haritschelharren iritziz, Pastorala garatu eta aldatu egin da gure garaian, eta iragan historikoa eta alegiazkoa berreraikiz antzerki nazional bilakatzen ari da. Lehen erlijio eskola zen, orain euskal herriaren, protagonisten historiaren eskola da, hots, bertako hizkuntza eta literatura maitatuz.

Hona hemen Pastoral zati bat, Manuel Lekuonaren “Aozko literatura” liburutik hartua: Brabanteko Genobeba Pastorala.

Jenobeba: (Presondegi-atetik)

Elias! Ene Jainkua
sofrituren duzia
izan nadin heben
hain gaizki tratatia?
duzunaz geroz Zuk
beti ezagutu
inozenzian nizala ,
hain gaizki tratatu?

Zeren enaizu Zuk
hebendik idokitzen ,
eta ene inozentzia
ezagut-erazten?
Ene pazenzia
nahi bazunian borogatu ,
zeren beste punizionerik
eztuzu xerkatu?

Nihauren galtziaz
enukian axolik ,
beno ene ohoria da
orain desterraturik.
Noiz artino , Jauna,
diferituren duzu
inozenzia izan dadin
gisa huntan tratatu?

Galo: (Presondegira sartuta, Jenobebagana doa)

Madama , otian nula
denbora iragaiten duzu
presondegi-zola hortan?
Otoi, erran izadazu.

Jenobeba:

Ene penarik handiena
hire ikustia ;
ken akit hortik,
animal lotsagarria!

Galo:

Posible deia otian , madama,
presondegiaren zolan
hola mintzatzen zirela?
Eztuzia otian nahi
zure bihotza umuliatu
eta urguillu handi hori
orain apazeatu ?

Hitz emaiten badeitadazu
zure amoriura,
seguratzen zutut
horti libratzera.

Jenobeba:

Errekiritzen ait ,ken adin horti,
ezi ezin ikusten ait
bortxa andiz baizi.

Hiri obedi beno lehen
ikusiren nuk heben
tonba baten zolan xixariek jaten.

(Galo badoa)

Otian, ene Jinkua,
sofrituren duzia
izan nadin hula
beti turmentatia ?
Ene otoitza xipiez
ba’nizun experantza
fortuna irusago bat
obtenituren niela .

Arauz merexi tit ,
ene Jainko maitia;
konplitu dela beti
zure borondate saintia .

Ezpadut merexi
pena baizi deusere ,
ene sabeleko frutiaz
ukazu pietate .
Gaizki egin badut,
harek eztien ogenik ;
il behar badut,
harek eztu merexirik .

Agian egun batez
ezaguturen dizie ;
“ama inozentaren haurra”
deituren beitie .
Ama aflijitu zerola ,
beno ogenik gabe ;
kondenatu ziela,
krimorik uken gabe.

Ene arima gaxuak
ukenen du ordian
kontentamentu handi bat
Jinkuaren aitzinian .
Zuri erremetitzen dit ,
ene Kreatzalia;
Zuk gida nazazu
zeluko gloriala.